Musikak laguntzen digu bizitzan aurkitzen ditugun  erronken aurrean jarrera baikorra izaten eta konfiantza pertsonala garatzen, ikasketetan aurrera egiteko eta etorkizunari begira ezinbestekoak diren aspektuak.

Elejabarri Ikas komunitatean lanean hasi nintzenean Ikas Komunitateen mundu zoragarrian murgildu nintzen. Jakina da zientifikoki frogatua dagoela proiektu honetan lan eginez arrakasta akademikoa lortzen dela, baina, horrela, nik neuk zuzenean egiaztatu nuen proiektu hori gizartea eraldatzeko arma indartsua izan daitekeela.

Proiektuan erabiltzen diren  Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak abian jartzeak akademikoki aurrerapenak lortu ez ezik, elkarbizitzan ere aldaketa onuragarriak lortzen dituela nabaritu nuen. Erabat txundituta geratzen nintzen Tertulia Literarioetan sortzen ziren eztabaidetan, eta haiei esker lortzen genituen hausnarketekin. Musika irakaslea izanik, argi nuen Tertulia Musikalak martxan jarri behar nituela, eta horixe egin genuen.

Hezi ote daiteke musikarekiko gustua? Ba ote du zerikusirik gustuak ikasleen testuinguruarekin?

Elejabarriko ikasleria baliabide gutxiko familiek osatzen dute. Hasiera batean beldur nintzen nire ikasleek klasikoak entzutean eta haiei buruzko ezagupenak atzematean nolako jarrera izango zuten. Musika arloan zituzten zaletasunak flamenkoaren eta reggaetonaren artean zebiltzan -azken estilo honen letra matxista eta gogorrak kontuan izanik, elkarbizitzari batere mesederik egiten ez dion musika estiloa, hain zuzen ere-. Horrez gain, ikasle guztiei hurbildu behar zaie haien inguruan ez dutena, kasu honetan beste estilo musikal batzuk entzuteko aukera.

Hortaz, lankideen laguntzari esker, tertulia musikalak jarri nituen martxan eta, egia esan, ezin izango dut ahaztu Pachelbelen Kanonak ikasleengan izan zuen eragina. Lehen tertulia izan arren, oso errez erlazionatu zuten entzundakoak eta eragindako sentimenduak haien esperientzia pertsonalekin, baita obraren ezaugarriekin ere. Benetan onuragarria izan zen lehen tertulia hartan ateratakoa. Azken finean, klasikoetan oinarritutako entzunaldietan sortzen diren hausnarketek bizi garen mundua ulertzen laguntzen digute.

Handik aurrera, zer musika jarri nahi zuten galdetzen nienean, erantzuna Pachelbelen Kanona izaten zen, eta gerora, Youtubek gustu handiarekin aukeratutako klasikoen jarraipena, noski.

 

Hemen dugu frogarik argiena: musikarekiko gustua hezi daiteke. Aukerak ematean dago gakoa.

Egilea: Itxasne Lauzirika

itxasne

Loading