Gaur egun eskoletan gero eta gehiago egiten da lan taldeka. Baldintza egokietan, bakarka pentsatzea baino produktiboagoa eta eraginkorragoa da kolektiboki pentsatzea. Baina ondo funtzionatzen ez badu, taldekako lana ez da mesedegarria.
Taldeka ondo lan egiteko funtsezkoa da norberaren burmuin soziala aktibatzea. Zer da hori, ordea? Eta nola aktibatzen da?
Zer da burmuin soziala?
Liverpool-eko Unibertsitateko Robin Dunbar-en arabera, burmuin soziala hauxe da: inguruko informazioa prozesatzeko eta informazio horrekin arazoak konpontzeko ahalmena. Cambridgeko Unibertsitateko Neil Mercer-en arabera, burmuin soziala horrela ulertzen badugu, badirudi soilik balio duela lorpen indibidualak errazteko eta banakoen arteko lehian tresna eraginkorra izateko. Haatik, burmuin soziala hori baino askoz gehiago da.
Gure burmuinak berezkoa du izaera soziala. Horri esker uztar ditzakegu gaitasun mental indibiduala eta interakzio soziala. Horrez gain, elkarrekin pentsatzeko gai ere bagara, bakarka lortu ezingo genituzkeen helburuak elkarlanaren bitartez erdietsi ditzakegu. Gure espeziearen garapenak trebezia hori eman digu. Gizakion lorpen handienak, jende askorentzat mesedegarriak izan direnak, elkarrekintza horren bidez iritsi dira. Aldi berean, lorpen indibidualak ere errazago erdiesten dira horrela: burmuin soziala ondo lantzen badugu, bakarka pentsaezina den moduan sustatu dezakegu garapen kognitibo indibiduala.
Nola aktibatzen da burmuin soziala?
Potentzialki gizaki guztiok daukagu burmuin soziala erabiltzeko gaitasuna, baina praktikan nola erabili ikasten ez badugu, ez gara trebeak izango. Beraz, nola entrenatu jakitea komeni zaigu.
Taldean elkarrekin pentsatzea da oinarria. Lehenik eta behin, elkarrizketa giroa sortu behar da, eta esaten duguna arrazoitzen saiatu. Are eraginkorragoa da baldin eta taldeko elkarrizketaren helburua adostasuna bilatzea bada, iritzi kontrajarriak badaude eta iritzien elkartrukea benetan gertatzen bada. Baldintza horietan eztabaidak sakonagoak dira, aurreikuspenak egiteko gaitasuna handitu egiten da, ebidentzia gehiago erabiltzen dira arrazoiketan, eta alternatiba askoz gehiago proposatzen dira. Garrantzitsuena ez da erabateko adostasunera iristea, adostasuna bilatzeko borondatea izatea baizik. Era berean, lagungarria da lehendik beste batzuek plazaratu dituzten pentsamendu kolektiboak partekatzea, testuinguru sozial konplexuetan besteek zer pentsatzen duten jakiteko gaitasuna garatzea, eta helduen orientabidea jasotzea.
Elkarri hitz egiteko aukera ugari izan behar dituzte taldekideek, jardunean aktiboki aritzeko, eta elkarri eraginkortasunez laguntzeko.
Baldintza horiek betetzen dituzten taldeek elkarrekin hobeto pentsatzen ikasten dute, baina, gainera, partaide bakoitzak bakarka ere hobeto pentsatzen ikasten du. Beraz, lankidetza egokia eraldatzailea da. Burmuin soziala lantzea oso mesedegarria izan daiteke, taldeko martxa ez ezik adimen indibiduala ere hobetzeko bide eraginkorrena baita.
Egilea: Harkaitz Zubiri