Soloarte IPIn aspaldi gabiltza gogor ahalegintzen Ikas Komunitate eredugarri bilakatzeko nahian, betiere ezarritako irakaskuntza jardueren inguruan hausnarketa eta ebaluazio sakonak egiten -edozein ikasle talde dela ere, suertatzen diren oztopoak zein aurreikusi gabeko arazoak direla ere- jo eta ke, hobekuntzak lortzeko ilusioarekin. Aurrera egiteak motibatzen baikaitu.

 

Jarduera arrakastatsuenetariko bat tertulia literario dialogikoak (TLD) dira, DBHko talde guztietan sistematizatu duguna, maila bakoitzean astean behin egiten dira eta.  Aktibitate hezigarria zein kulturala da: guztion artean klasiko literario bat irakurtzen dugu, bakoitzak hautatutako pasarte edo ideien inguruan hausnarketa partekatua egiteko asmoarekin.

 

Ikasleek eta irakasleek partekatzen duten foroan berdintasunezko elkarrizketa da nagusi, ezin baita inoren iritzirik zein pentsaerarik gailendu (bere jakinduria maila edo jatorria edozein dela ere). Argudioen bitartez azaltzen diren esanahi eta esperientzia guztiak uztartu egiten dira, ezagutza berri eta kolektibo bat eraiki arte, eta horrek eraldatu egiten ditu parte-hartzaileen  bakarkako irakurketak. Horixe da hartu-eman aberasgarri honen zutabea.

 

Hortxe aritu gara Hamlet, La Celestina, Lazarillo de Tormes, Oliver Twist eta abarren inguruan gogoeta egiten,  eta, aldi berean, sorkuntza literario onenak geureganatzen . Hitz egiteko txandak errespetatu eta iritzi guztiak balioesten dira, baita giro atsegina lortu ere, zeharo demokratikoa. Maila eta jatorri askotariko ahotsak naturaltasun eta autoritate osoz jarduten dira literatura arte-lan ikaragarrien inguruan, orain arte elite kulturalen jabetzapean egon direnak.

 

Bukatzeko, obren zein bertako gai pisutsuen gainean hausnarketak egiteko aukera izateak eragin handia dauka ikasleen autoestimuan. Klaseko zein ikastetxeko giroa ere hobetu egiten da, ikasleak ohitu egiten direlako arazoak eta eztabaidak era justu, tolerante, demokratiko eta solidarioan konpontzen; aniztasunari modu inklusiboan heltzen diote, naturaltasunez, ikas komunitatearen berezko estiloa baita. Hala ere, ez du edonolako hizkuntzak balio eztabaida eta elkarrizketa horiei eusteko, baizik eta tertulietan ikasitakoa: izan ere, haurrek hiztegia aberastu ez ezik, argudioen eta errespetuaren erregistroa ere barneratzen dute.

Benetan, TLD jardunbide eraginkor eta arrakastatsua da, premiazkoak diren irakurketa zein elkarbizitza planak burutzeko; baina, horrezaz gain, tertuliak egiteko ilusioa eta beroriek gure barnean jakin-mina sorrarazteko duten ahalmena da aurrera egiteko bultzatzen gaituena.

Egilea: Sonia del Barrio

Sonia_IMG_1521112794706-1