Genero-indarkeria fenomeno unibertsala da; izan ere, adin, jatorri etniko eta hezkuntza- eta gizarte-maila guztietara zabaltzen da. Estatistikek erakusten dute genero-indarkeriak eta jazarpen sexualak gora egin dutela eta ez dela harreman egonkorretan soilik gertatzen, noizbehinkako harremanetan ere gertatzen dela. Hori dela eta, arazo horri aurre egiteko edo prebenitzeko programa ugari jarri dira martxan.

Programa gehienen ezaugarri komunetako bat, eta nazioarteko komunitate zientifikoaren adostasuna lortu duena, lekukoen zeregina da; hots, haien interbentzioa, bai erasoak ekiditeko bai haiei aurre egiteko ere. Ildo honetan, Estatu Batuetako unibertsitate askotan Bystander Intervention (euskaraz, lekukoen interbentzioa) deituriko programak garatu dira, oinarrizko faktore batzuen gainean.

Unibertsitate horietako bat, esaterako, Harvard-eko Unibertsitatea da, eta indarrean duen programaren helburu nagusiak ondokoak dira: esku-hartzeak eragozten dituzten trabak gainditzen irakastea, autokonfiantza lantzea, eta baita komunitatea ahalduntzea ere, gatazkaren prebentzioan eta konponbidean inplikatu dadin. Hortaz, Bystander batek, hau da, lekuko batek, bete behar dituen jarraibideetako batzuk hurrengoak dira:

  • SINISTU, norbaitek azaltzen badizu jazarpen sexuala jasan duela, abusuzko erlazio batean murgilduta dagoela, edo Internet bidez jazarpena jaso duela.
  • Zure klaseko lagunak behatu. Norbaitek arazoren bat duela baldin badirudi, GALDETU, ZIURTATU ONDO DAGOELA. Lagunen bat zerbait desegokia egiten ari bada, ESAIOZU.
  • EZ ZAITEZ ISILDU. Norbaitek zerbait iraingarria, arrazista edo abusuzkoa esaten badu, esaiozu  jarrera onartezina izan duela. EZ EGIN BARRE txantxa arrazista, homofobo edo sexisten aurrean.

Programak egoera gatazkatsuak identifikatzeko orientabideak eta irizpideak ere baditu, lekukoei noiz esku-hartu behar duten erabakitzen laguntzeko: noiz dagoen onarpena eta noiz ez; EZ ezetz dela; norbait drogen edo alkoholaren eraginpean dagoenean, ezin duela onarpenik eman; egoera horietan dagoen pertsona bat ezin dugula bakarrik utzi, besteak beste.

Programak, gainera, egoeren araberako esku-hartze zehatzak eta egokiak proposatzen ditu, inork arriskurik har ez dezan. Horri loturik, azpimarratu behar da ez dela banakako jarduera, baizik eta komunitate osoarena; eta, guztiok bat eginez, indarkeria, opresioa edo mehatxua onartzen ez duen komunitatea lor daitekeela.

Honelako programak  hezkuntza-maila guztietara hedatzeko asmoz, Kentuckyko unibertsitateko Green Dot programako taldeak Kentuckyko bigarren hezkuntzako 26 eskolatan Bystander intervention programa martxan jarri zuen. 5 urteren ondoren haren eraginkortasuna frogatuta gelditu zen, eskoletan jazarpen sexuala eta indarkeria-kasuak  murriztu egin baitziren.

Laburbilduz, nahiz eta genero-indarkeria fenomeno konplexua den eta arazoari aurre egiteko beste aspektu batzuk ere landu behar ditugun (hala nola, indarkeriarekiko erakargarritasuna eta indarkeriaren kultura), lekukoen interbentzioa ezinbestekoa da indarkeria ekiditeko aukeratzen dugun edozein programatan.

Egilea: Rosa Jaussi

Loading