Gaur egun gazteak dira gizarte-bazterkeria pairatzeko arrisku handiena duen talde soziala. Gainera, gazteek izan ohi dituzten berezko zailtasunak areagotu egiten dira baldin eta maila sozio-ekonomiko baxuko ingurunean bizi badira, edota gutxiengo etnikoren bateko partaide badira.
Hezkuntzari dagokionez, gazteek eskola-porrota, eskola-segregazioa eta hezkuntza-esklusioa sufritu ditzakete. Horiek gainera ondoriok larriagoak sor diezazkiekete epe luzera edo etorkizunean, hala nola, lan merkatutik eta gizarteko beste arlo batzuetatik kanpo geratzea. Arrisku hori areagotu dezakeen beste faktore bat eskola-uzte goiztiarra da, heldutasunerako trantsizioa nabarmen baldintzatzen duelako. Eskola-uzte goiztiarrak lotura zuzena du helduaroko egoera ekonomiko ahulagoekin, osasun egoera okerragoekin eta bizi-itxaropen txikiagoarekin. Horregatik, eskola-uzte goiztiarra gutxitzea lehentasun bihurtu da Europako Batzordearentzat.
Arazoak, gainera, bereziki eragiten die ikasle batzuen familiei, hain zuzen, maila sozio-ekonomiko baxukoei eta gutxiengo etnikoetakoei. Gai hori nola gainditu ikertu dute Rocio Garcia-Carrión eta bere kideek, eta ikerketa horren emaitzen berri eman dute How do vulnerable youth complete secondary education? The key role of families and the community artikuluan. Batik bat, familiek eta komunitateak eskolan duten parte-hartzearen garrantzia jorratzen dute.
Familien eta eskolaren arteko harremana maiz izan ohi da soilik informazioa eman eta jasotzea. Hori gertatzen denean, eskola da erabakiak hartzeko arduradun nagusia eta ia bakarra, eta, ondorioz, familien ahotsak isilean geratzen dira, batez ere jatorri edo maila sozioekonomiko eta kulturalaren ondorioz gainerako eremuetatik ere baztertuta gelditzen direnenak.
García-Carrión eta bere kideek aztertu zuten ikastetxea jabetu egin zen arazo horretaz, eta Ikas Komunitate bihurtzea erabaki zuen. Orduan familia horiei ahotsa emateaz gain, erabakitze-prozesuetan funtsezko eragile bihurtu zituen, eta, aldi berean, haiek eskain zezaketen ezagutza aitortu eta balioetsi zuen. Prozesu horiek demokratikoki eta eredu dialogikoaren bitartez lantzen dira. Beraz, garrantzi bera dute profesionalen, ijito-familien (eskola horietan gehiengoa dira) edota komunitateko beste erakundeen ekarpenek.
Ikastetxe horretan eskola-uztea handia zen, batez ere Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako trantsizioan; besteak beste, eskolak ez zuelako Bigarren Hezkuntza eskaintzeko aukerarik, eta ondorioz, ikasleek beren bizilekutik aldendu beharra zutelako. Familien esku-hartzeari esker, ikastetxeak orain badu Bigarren Hezkuntzako ikasketak emateko aukera. Eskola-uztea jaistearekin batera, graduatuen kopuruak gora egin du. Halaber, ikasle nagusiak txikienentzat erreferente bihurtu dira: alde batetik, ibilbide akademikoan aurrera egitea aukera positibotzat erakusten diete; eta, bestetik, etorkizuneko bizitzan era askotako proiektuak izan ditzaketela ere bai.
Orain artekoa ez ezik, familien erabakitzeko aukera ere ezinbesteko erreminta bihurtu da ikasleen behar errealei erantzuteko, baita familia horiekiko estereotipoak hautsi eta ahalduntzeko ere. Komunitate osoaren elkarlanak komunitatearen beraren hobekuntza dakar eta, horrek, ondorioz, eraldaketa sortzen du.
Egilea: Lander Azkue