Hezkuntzaren Ikerketarako Amerikar Elkarteak (AERA ingelesez) antolatutako urteroko topaketan 17000 ikerlari eta profesional baino gehiagok hartu dute parte. Bertan, oinarrizko eskubidea den hezkuntza publikoaren ametsen, aukeren eta beharraren inguruan hausnartu dute.
Nazioartean sona handia duen kongresu horretan hezkuntza hobetzen duten zientzia-aurkikuntza nagusiak aurkeztu dira, gizartearen hobekuntza jomugan. New Yorken apirilaren 13 eta 17 bitartean eginda, aukera paregabea izan da hezkuntza-zientziaren inguruan ezagutza handitzeko.
Hezkuntzan aldaketaren eragile izateko irakasleriak duen boterearen inguruan aritu dira saio batzuetan. Zenbait eskolari buruz aurkezturiko ikerketa-lan batzuek azpimarratu zuten posible dela bereizkeria eta biolentzia desagerrarazteko ametsa. Ikas- Komunitate diren eskolak kasu, non haur bakoitzari aukera onenak eskaintzen zaizkion. Horietan, etorkizunerako ametsak sortzeko aukera ematen diete ikasketa dialogikoaren testuinguruan.
Pertsona ugarik igaro dute euren bizitza hezkuntza eraldatzen eta, Freirek esan zuen bezala, ongi asko jakin dute horretarako beharrezkoak direla ametsak zein prestakuntza zientifiko-teknikoa. AERA erakundeak saio batzuk eman zituen kongresuan Zapalduaren pedagogia (Pedagogia del Oprimido) obraren lehen argitalpenaren 50. urteurrena ospatzeko. Hala, obra horren argitalpen berezia aurkeztu zen (Bloomsbury 2018). Argitalpen berri honetan, obraz gain, Freireren lagun izandako Ramon Flechari egindako elkarrizketa aurkezten da. Hari eskaini dio, gainera, aipamen berezia AERA erakundeak, zientzia eta gizartearen eraldatzeko egin dituen ekarpenek munduko handienen artean kokatzen baitute.
Berrogeita hamar urte geroago, nazioarteko komunitate zientifikoak berea egiten du hezkuntzarako oinarrizko eskubide unibertsalaren ametsa bizirik irauteko asmoa. Ez dira utopiko edo idealista hutsak baizik eta, bihotz oneko intelektualak, protagonismo edo botere bila aritu beharrean, pertsona orori, hezkuntzak ahalbidetzen dien ametsa gauzatzeko bide berrien bila ahalegintzen ari direnak.
Egilea: Rocío García Carrión