Irakurtzen al dira liburu klasikoak eskoletan? Dirudienez, Bigarren Hezkuntzan gutxi, eta are gutxiago Lehen Hezkuntzan. Orduan, eskolan erabiltzen ez badira, nola ezagutuko dituzte ikasle batzuek Literaturako libururik onenak? Esan liteke, ez bada eskolaren bidez, ikasle askok ez dituztela liburu horiek ezagutuko. Alde batetik, liburuen merkatuak ez du literatura klasikoa bultzatzen; eta, beste alde batetik, hainbat ikaslek ez dute liburu horiek irakurtzeko aukerarik izaten.
Ebidentzia nabarmenak daude liburu horien erabileraren alde: adostasun unibertsala dago liburu horiek baliozkoak direla aitortzeko; gainera, beren balio soziala denboraz gaindikoa da, hau da, islatzen dituzten gatazkak, emozioak eta sentimenduak oso sakonak dira eta gaur egun ere berebiziko garrantzia dute; eta testuaren aberastasuna eta bertatik ikasteko aukera ziurtatuta daude (hiztegia, esaldi motak, garaiko ezaugarriak, besteak beste). Are gehiago, neurozientziak baieztatzen du oso onuragarriak direla pertsonen garapenerako. Hori guztia gutxi balitz, euskararen normalkuntzarako ere klasikoak euskaraz ezagutzea guztiz beharrezkoa da.
Eskola batzuetan, tertulia literario dialogikoak lantzen hasi dira. Jarduera arrakastatsu honen oinarria, hain zuzen ere, liburu klasikoak dira. Ikasleen arteko tertulietako elkarrizketetan agerian geratzen da liburu horien aberastasuna eta sor daitezkeen hausnarketen sakontasuna. Baina zailtasunak daude liburu egokiak topatzeko. Merkatuko eskaera txikia denez, eskaintza ere horrelakoa da, eta alderantziz.
Beraz, Kaierako atal honetan, liburu klasikoen erabilera bultzatzeko eta errazteko asmoz, zerrenda bat sortu nahi dugu. Gaur ekingo diogu liburu batzuen erreferentziak emateari, eskola batzuen ekarpenekin hasita, baina guztion partaidetza behar dugu. Hortaz, zuek erabiltzen edota ezagutzen dituzuen liburuen erreferentziak idazten badizkiguzue, guk argitaratu egingo ditugu, baliabideen bilduma osatzeko xedez.
Zerrendan agertuko diren liburuak aukeratzeko irizpide nagusiak, klasikoak izateaz gain, hauexek dira: moldaketak izango balira, hiztegi aberatsa eta istorioen ezaugarri nagusiak ondo islatuta izatea; testu osoa izango balitz, itzulpenaren kalitatea bermatuta izatea; eta proposatutako liburu bakoitzarekin batera, adieraztea zein hezkuntza-etapatan edo ziklotan erabil daitekeen.
Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako hasierako ziklorako:
-
Ipuintxo bat gauero I, II eta betiko alegiak. Bilduma honetan hainbat ipuin daude: Aladino; Sinbad marinela; Ali Baba eta 40 lapurrak; Alizia lurralde miresgarrian; Enperadorearen jantzi berria; Bi untxiak… ALAIA argitaletxea.
Lehen Hezkuntzako bigarren ziklorako:
-
William Shakespeareren lanik onenak. TTARTALO argitaletxea.
-
Jules Verneren abenturarik onenak. TTARTALO argitaletxea.
-
Rudyard Kiplingen Oihaneko liburua. TTARTALO argitaletxea, 2008.
Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ziklorako:
-
Maria Angelidouen Greziar mitoak. TANTAIA. VICENS VIVES argitaletxea, 2013.
-
Charles Dickensen Oliver Twist. TANTAIA. VICENS VIVES argitaletxea, 2014.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera:
-
Kafka, F. (2016): Metamorfosia. EREIN argitaletxea
Anima zaitezte zerrenda hau aberasteko parte hartzera!
Egilea: Mª Luisa Jaussi
Gu Elejabarri eskolan Jules Verneren Abenturarik Onenak lantzen ari gara 3. eta 4. mailan. Oso egokiak direla iruditzen zaigu eta tertulia ederrak atera dira.