Apirilaren 10ean arautu eta indarrean jarri da Argentinan 27.306 legea, Dislexiaren Legea deiturikoa, Ikasteko Berezko Zailtasunen antzemate goiztiarra eta berauen trataera arautzen duena. Legea 2016ko azaroan onartu bazen ere, orain arte, araututa izan arte, eragin txikia izan du. Araudian azpimarratzen da antzemate goiztiarraren beharra eta, hezkuntzan, egokitzapenak egiteko beharra ezartzen du.
Munduko populazioaren % 10i eragiten dio irakurketarako moldakaiztasun honek. Deskodetze-prozesuan arazoa duten ikasle horiek besteek baino bost aldiz energia handiagoa baliatu behar dute eta denbora hirukoitza behar dute irakurketa gauzatzeko. Gauzak horrela, dislexia duten ikasleek arazo larriak dituzte testu idatzi soilen bidez irakasten duen hezkuntza-sistema batean badaude.
Argentinan indarrean jarri berri den Legeak bere 6. artikuluan argi ezartzen ditu zenbait ekintza pedagogiko, dislexia duen ikasleriak curriculum orokorra eskura dezan:
1. Ahozkotasunari lehentasuna ematea bai edukietan baita ebaluazioetan ere.
2. Lanak egiteko denbora gehiago ematea.
3. Enuntziatuak eta aginduak ulertu direla bermatzea.
4. Kontuz ibiltzea ikaskideen aurrean egin beharreko irakurraldiekin.
5. Kopiaketa luzeak eta diktaketak ekiditea, gehienbat, disgrafia duten ikasleen kasuan.
6. Ordenagailu, kalkulagailu eta tableten erabilera erraztea.
7. Ikasle bakoitzaren arabera ebaluazio-moldaketak egitea.
Legeak, egokitzapen pedagogiko horiez gain, osasun-estalduran eta irakasleriaren formazioan ere jartzen du indarra. Tratamendua Derrigorrezko Mediku-Programan sartuko da hemendik aurrera, eta horrelakoa behar dutenek saio-mugarik ez dute izango, ezta ezgaitasun-agiria aurkeztu beharrik ere. Irakasleek, beren aldetik, formazioa jasoko dute, antzemate goiztiarrean funtsezko bitartekoak baitira.
Argentinan, beraz, ikaste-prozesuan zailtasunen bat (dislexia, disgrafia, dislalia, diskalkulia, …) duten neska-mutilen eskubideak legeak bermatuta daude jadanik.
Egilea: Idoia Perez