Azken hamarkadan arbel interaktiboek lekua hartu diete arbel tradizionalei. Azken horiekin alderatuta, elkarrekintza ahalbidetzen dute arbel interaktiboek, eta interakzio horietan ikaskuntza-prozesua aberasteko bide berriak zabaltzen dituzte.

Lehen Hezkuntzan arbel interaktiboak erabiltzen hasi dira. Baina DBHn, askotan, proiekzio-pantailak balira bezala erabiltzen dira oraindik. Gauzak horrela, Bor Gregorcic, Eugenia Etkina eta Gorazd Planinsic ikertzaileek 2017an arbel interaktiboen erabileraren inguruko ikerketa egin zuten. Helburua baliabide horren erabilera optimizatzeko klabeak identifikatzea izan zen. Hain zuzen, DBHko Fisikako saioak behatu zituzten, zeinetan 54 ikaslek parte hartzen zuten.

Alde batetik, ikertzaileek bideoz grabatu zituzten Fisikako saioak; eta, beste aldetik, ikasle batzuk elkarrizketatu zituzten horien iritziak eta usteak jasotzeko.

Ikerketak arbel interaktiboaren erabilera hobetzeko bi ahulgune identifikatu zituen. Hori dela eta, alde ahul horiek gainditzeko asmoz  alternatibak eskaintzen dituzte ikerketaren bukaeran, betiere ikerketan jasotako ebidentzietan oinarrituta.

Identifikatutako lehenengo ahulgunea arbel interaktiboa erabiltzeko irakasleen konfiantza eskasa izan zen. Ondorioz, ikasleek ez zuten arbel interaktiboaren bidez ikasteko aukera egokirik izaten. Auzi hori gainditzeko, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatzen duten programak eskuratzea eta irakasleek programa horiek ondo ezagutzea iradokitzen dute ikerlariek, bereziki esperimentuetako ereduak eta simulazioak sortzen dituztenak, Fisika ulertzeko hain garrantzitsuak direnak.

Bigarren ahulgunea arbel interaktiboa arbel tradizionala gisa erabiltzea da, berez eskaintzen dituen aukerak eta baliabideak alde batera utziz. Erabilera urri hori gainditzeko proposamena ikasleen eskutik aurkezten dute: ikasle batzuen esperientzien arabera, Fisikako ariketak klase aurrean ebazteko antsietatea txikiagotu egiten du arbel interaktiboa behar den bezala erabiltzeak. Beraz, arbel interaktiboen eskutik erakargarriagoa bihurtzen da Fisika irakasgaia, besteak beste.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017

Loading