Ikasleak zer talde motatan sentitzen dira ondoen? Ikasleen ustez, zeintzuk dira taldekatze eraginkorrenak? Susan Hallam, Judith Ireson eta Jane Davies galdera horiek erantzuten saiatu ziren 2004an Ingalaterrako sei eskolatan egin zuten ikerketa batean. Funtsean, bi taldekatze-mota aztertu zituzten: homogeneoak eta mistoak, ikasketaren errendimendua, maila eta gaitasunak kontuan hartuta.

Taldekatze-homogeneoak zirenean, goi mailako taldeetan zeuden ikasleek, bai erritmoari, bai egokitasunari begira presio handia igartzen zuten.

Bestalde, behe-mailetako ikasleek nahiago zuten maila handiagoko taldeetan egotea, gai sentitzen zirelako eta uste zutelako maila handiagoko taldeak ikasteko eraginkorragoak zirela. Behe-mailetako taldeetan ikasleek beren buruarekiko izan zezaketen ziurtasuna ahuldu egiten zen.

Hortaz, ikasleen artean harremanak kaltetzen ziren, eta integrazioa asko zailtzen zen eskolako beste esparru ez hain baldintzatuetan: atseden orduetan, patioan, eta irteeretan, esate baterako.

Bestalde, ikasleek irainak sufritzen zituzten bai goi-mailako taldeetan egoteagatik baita behe-mailako taldeetan egoteagatik ere. Gertaera horrek argi uzten du mailaren arabera segregatzea kaltegarria dela ikasleen garapen akademiko eta sozio-emozionalerako.

Are argiago uzten du hori ikerketak honako adibidearekin, zeinetan talde heterogeneoetan oinarritzen den eskola zehatz bateko ikasleek argi adierazten duten  ez dutela inondik inora taldea aldatu nahi: “Taldean lan egitea gustatzen zait, zer edo zertan trabatzen bazara, alboan daukazunari galdetu diezaiokezulako eta haiek lagundu zaitzaketelako”. Gainera, “beste pertsona batzuk ezagutzen dituzu eta pertsona bakoitzak ideia desberdinak ditu”.

Bestalde, ikasleen artean jarrera ezkorrak ere topatu zituzten (nagitasuna adieraztea ikaskide bati zerbait berriro azaltzerakoan, adibidez), nahiz eta horrela lan egiteak ekartzen dizkien onurak ezagutu.

Ikerketak azpimarratzen du taldeen sorrerari lotutako protagonista handi bat dagoela eskolan, zalantzarik gabe: irakaslea. Izan ere, taldekatzean islatu egiten dira irakaslearen sinesmen eta iritziak eta, gainera, batzuetan, kutsu negatiboa islatzen duten interakzioak ematen dira, bai ikasleengan eta baita irakasleen artean ere.

 

Beraz, irakasleen garrantzia kontuan hartuta, irakasleok kontu handiz ibili beharko genuke ikasleei transmititzen dizkiegun mezuekin. Horretarako, irakasleok aldez aurretik  hausnarketa sakona egin eta ikasle guztiak positiboki baloratzen ditugula ziurtatu beharko genuke, eta laguntzan, elkartasunean eta babesean oinarritutako interakzioei indar handia eman beharko genieke.

Egilea: Idoia Uriarte

2018-03-22-PHOTO-00000047