Gaurko eztabaidan Luisa Mari Puertasen iritzia daukagu. Zuen iritzia ere gustura jasoko genuke. Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bidaltzen dituzuen ekarpenak argitaratu egingo ditugu.
Futbola ikastetxeetatik kendu? EZ, eta kito!
Beharbada oso muturreko adierazpena egin dudala irudituko zaizue, baina ez litzaidake gustatuko oraingo neska-mutileei ukatzea nire haurtzaroan eta nerabezaroan, eskolako eta institutuko lagunekin batera, futbolean bizi izan nituen bezalako une hain dibertigarri eta politak. Egia esateko, ez ginen bakarrik futbolean aritzen, nahiz eta futbolak joko handia eman, beste kirol eta aurre-kirol batzuk ere oso gustuko genituen.
“Futbol”az eta “ikasle”ez hitz egiten dugunean, sarri nahastu egiten ditugu horiekin zer ikusirik ez dituzten egoerak eta era askotako futbol partidak. Artikulu honetan, ikastetxeetako jolasaldietako partidatxoak izango dira ardatz, eskola-patioetako futbola, hain zuzen.
Jolasaldietan, heziketa esku-hartze sistematiko eta globala egiten ez den ikastetxeetan, kexak egon ohi dira mutil nagusienek leku libre gehiena hartzen dutelako futbolean jokatzeko, eta bai mutil gazteenak, bai neska gehienak ere, jolastokiko alboetan baztertuta geratzen direlako. Zerez hitz egiten ari gara? “Matxismoaz” erantzutea oso erraza da, futbolean gehienbat mutilak aritu izan direlako; baina uste dut arazoak zerikusi handia duela espazioen eta denboraren banaketa duinaren ezarekin, eta hori zuzenean lotuta dago ikastetxearen hezkuntza esku-hartze ezarekin.
Patioa heziketa-espazioa denez, planifikatu ere, hori kontuan hartuta egin behar da. Beste kirol eta joko batzuetan jokatzen irakatsi behar zaie ikasleei; hain zuzen ere, joko-eskaintza zabaldu egin behar zaie. Aldi berean, ezinbestekoa da beste espazio batzuk ere prestatzea, zeintzuetan ikasleek beste gauza eta aukera batzuk egin ditzaketen, hala nola, musika entzun, paseatu, hizketan aritu, eta abar. Edonola ere, uneoro begiratu beharko litzateke zer gertatzen ari den espazio bakoitzean; hau da, joko eta kirol praktika guztietan adi egon beharko genuke ea errespetu faltarik dagoen, botere-erlaziorik sortzen ari diren, gehikeriarik gertatzen ari diren, tratu txarrik dagoen, besteak beste. Eta halakorik ez gertatzeko, aldez aurretik ondo planifikatuak izan beharko lukete bai prebentzioak bai erantzunak.
Futbola eskola ingurutik kanpo ateratzen tematzen garenean, aldiz, ikasleetako batzuek ez dute ulertzen, eta zigorra delakoan, are ondorio okerragoak sortzen dira; hau da, futbola erakargarriago egiten dugu, desiragarriago bihurtzen dugu.
Gainera, futbola eskola ingurutik kentzen badugu, aukera egokia galtzen dihardugu ikasleekin balio garrantzitsu batzuk lantzeko eta indartzeko, dibertitzen diren bitartean; esate baterako, errespetua, lankidetza, berdintasuna, dibertsioa eta jolas-giroa, adiskidetasuna…
Halaber, aukera galtzen dugu futbolean sarritan zale eta futbolari batzuek dituzten jokabide bortitzak, matxistak, xenofoboak edota arrazistak, ikasleekin batera modu kritikoan aztertzeko. Eta aukera galtzen dugu ikasleek uler dezaten futbol partida bategatik, “oso garrantzitsua” izan arren, ezin dela justifikatu jarraitzaileen arteko gorrotoa eta biolentzia, edo hiri bat poliziak hartu behar izatea gudu-zelai ez bihurtzeko.
Azken finean, aukera galtzen da gure ikasleek ondo ikas dezaten eta ondo barnera dezaten hori guztiori EZ DELA FUTBOLA.
Egilea: Luisa Mª Puertas