P. Mª Otaño eskola Ikas-Komunitate izateko prozesuan murgildu zenetik, 16 urte igaro dira. Harrezkero, ikasle ororen arrakasta lortu ahal izateko, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako printzipio eta jarduerak geureganatzen joan gara.
Urteak dira klasikoen tertulia dialogikoekin lanean hasi ginela, eta gaur egun, haur eta lehen hezkuntzan errotuak ditugu. Ikasturte honetan, beste pauso bat eman nahi izan dugu, eta horretarako, ingurune arloan, tertulia kurrikularrak jarri ditugu martxan lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetan.
Tertulia kurrikularretan protagonista ikaslea da, eta berdinen arteko elkarrizketa eta elkarrekintzek ikasle-irakasleen arteko ezagutza-transferentzia ordezkatzen dute. Horri esker, maila guztietako ikaskuntza-prozesuak aberasten areagotzen dira, arlo instrumentalak barne.
Gure ikasleek ez dute testu-libururik, beraz, dagokigun gaiaren araberako irakurgaia aukeratzen dugu. Horretarako, hainbat argitaletxetako ezagutza-liburu eta testuez baliatzen gara.
Testu egokia aukeratu ondoren, ikasleei banatzen diegu, irakurri eta zenbait paragrafo azpimarra ditzaten. Azpimarratze-lan horretan, honakoa nabarmentzen dute: ulertu ez dutena, aurretik ez zekitena, sakondu nahi dutena, deigarria egin zaiena…
Ondoren, interesa eta jakin-mina sortu dizkien horren inguruan, testuan agertzen ez den informazioa ekartzera animatzen ditugu, horrela, ikasle bakoitzak gustuko gaietan sakontzeko aukera du, eta besteei ezagutza berrietan murgiltzeko aukera eskaintzen die.
Tertulian azpimarratutakoaren inguruan hitz egiten dugu; hartara, aukeratutako paragrafoa argudiatzen dute, zergatiak arrazoitu, azalpenak eman eta beste gai edo arloekin loturak egiten dituzte. Euren artean elkarrizketa sakonak sortzen dira.
Argudioen bitartez azaltzen diren esanahiak eta esperientziak uztartu, eta ezagutza berri eta kolektiboa eraikitzen da. Horrek parte-hartzaileen bakarkako irakurketa eta estrategiak aberasten ditu.
Tertulia dinamizatzea irakaslearen ardura da; irakasleak bermatu behar du ikasleek azalpenak emateko estrategia anitzak erabiltzen dituztela, informazioa ulertzen dutela eta euren artean ezagutza eraikitzen dutela. Horretaz gain, denen parte-hartzea ziurtatu behar du, eta saio amaieran, ikasi dutena baloratzera bultzatu behar ditu.
Zientzia arloan oinarritutako elkarrizketa, arrazoibide eta elkarrekintzen bidez, gaiaren ikaskuntzan aurreratzeaz gain, hizkuntza-trebetasunak, ikuspegi kritikoa eta entzute aktiboa garatzen dira. Beraz, tertuliek curriculumean zehazten diren gaitasunak eskuratzea ahalbidetzen dute.
Ikasleek tertulien inguruan egindako aipamenek bide onetik goazela erakusten digute; hori dela eta, haien hitzekin amaitu nahiko nuke: “horrela, erraz ikasten da”, “nik irakurtzen dudanean zaila egiten zait, baina gero, tertulian, ondo ulertzen dut”, “nik modu batean ulertu dut, eta tertuliari esker, beste modu batean dela konturatu naiz”.
Egilea: Belen Zudaire
Laburra, samurra, erabilgarritasun praktikokoa eta oso egokia iruditzen zait testua Belen, eskerrik asko!
Bat nago Juankarrekin! oso interesgarria eta erabilgarria.
Eskerrik asko P.Mª Otaño eskolari eta Beleneri partekartzeagatik!!