2018ko maiatzean, Europar Batasunaren Kontseiluak lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintzaren alde  argitaratu duen Gomendioan    funtsezko alor bat azpimarratzen da: zerbitzuen kalitatea.

Proposamenaren arabera, “lehen haurtzaroko hezkuntzan eta zaintzan inbertitzeak bakarrik merezi du baldin eta zerbitzuak kalitatezkoak, erabilgarriak, eskuragarriak eta inklusiboak badira. Izan ere, kalitate gutxiko zerbitzuek ondorio negatiboak ekartzen dizkiete bai umeei bai gizarteari berari”.

Zenbait ikerketa zabaldu dira gaiaren inguruan eta onartuta dago onuragarria dela ume txikien hezkuntzan eta zaintzan inbertitzea. Adibidez, askotan aipatzen da PISA ikerlanen ondorioa: Haur Hezkuntzan urte bat baino gehiago eman duten ikasleek emaitza hobeak lortzen dituzte Matematikan 15 urterekin.

Hala ere, Haur Hezkuntzan parte hartzearen onurak ez dituzte jasotzen etapa horretako ikasleek soilik. Gizarte osoarentzat ere, oro har, guztiz aberasgarria da alderdi hauetan:

  • Eskola-uzte goiztiarra murrizten da.

  • Gizarte/Hezkuntza-eredu inklusiboagoa lortzen da.

  • Hezkuntzan zein lan merkatuan emaitza hobeak lortzen dira.

  • Hezkuntza- eta giza-interbentzioak gutxitzen dira.

  • Gizonen eta emakumeen partaidetza lan merkatuan errazten da.

Europar Batasunak aitortu du herrialde gehienetan ez direla betetzen Haur Hezkuntzarekiko espektatibak, ez dutela dagokien kalitatea, ez eta plaza kopuru nahikorik eskaintzen ere. “Gaur egun EBean, derrigorrezko eskolatzearen adinaren azpitik hogeita hamabi milioi ume baino gehiago daude, baina, haien artean, soilik  hamabost milioi inguruk eskuratzen dituzte hezkuntza edo zaintza egokiak. Hau da, Europa osoan Haur Hezkuntzarako eskaera eskaintza baino handiagoa da”.

Hori guztia kontuan izanda, zertan datza Gomendio honek aipatzen duen kalitatea? Proposamenak erronka argi bat plazaratzen die Europako estatuei Haur Hezkuntzaren zailtasunak gainditzeko, eta ondoko estrategiak aipatzen ditu:

  • Haur txikientzako hezkuntza eta zaintza zerbitzuak erabilgarriak, eskuragarriak eta inklusiboak direla bermatzea.

  • langileen profesionalizazioa, haien ikasketa-mailak eta lan-baldintzak kontuan izanda sendotzea.

  • Haur Hezkuntzako ikasketa-planen garapena, egoki erantzuteko umeen hezkuntza eta ongizatearen beharrei hobetzea.

  • Zerbitzuen ikuskapena eta ebaluazio gardenak bultzatzea.

  • Finantzazio egokia eta zerbitzuak eskaintzeko lege-markoa bermatzea.

Egilea: Cristina Elorza

Cristina_Elorza

Loading