Ikuspegi soziokulturalak eta ikaskuntza dialogikoak sarri azpimarratu dute funtsezkoa dela irakasle, ikaskide eta familien arteko elkarrekintza sustatzea, horrek ahalbidetzen duelako haurrek hobeto eta gehiago ikastea. Beraz, familia ezinbesteko elementua da ekuazio horretan. Alabaina, nola lor daiteke ikasleen eta familien arteko elkarrekintza hezitzaile eta kulturala hobetzea? Ba al du eskolak horretarako ahalmenik?

 

Eskolak testuingurua eraldatzeko duen potentzialtasuna agerian uzten duen adibide argi bat aurkeztu digute Botton, Girbes, Ruiz eta Tellado-k Kataluniako lehen hezkuntzako ikastetxe batean egin zuten ikerketa-lanean. Ikastetxe horretako ikasle etorkinen kopurua nabarmen handitu da azken urteetan (%12tik %46ra bost urteko epean), baina askoz gehiago handitu da ikastetxeko ikasleen irakurketa-gaitasuna (oinarrizko irakurketa-gaitasuna %17tik %85era). Giltzetako bat marokoar jatorriko 20 amarekin egin zituzten tertulia literario dialogikoak izan ziren.

 

Marokoko landa eremu pobreetatik etorritako emakume horietako gehienek ez dute oinarrizko hezkuntza amaitu, eta zenbait ez dira alfabetatu. Hala ere, 2010ean hainbatek erabaki zuten eskolako tertulia literario dialogikoetan parte hartzea, eta aitzindarien esperientzia positiboa izan zenez, taldea handitu egin da urteen poderioz. Une honetan Marokoko 20 emakumek eta beste zenbait boluntariok osatzen dute taldea. Astean behin bi orduz elkartzen dira. Beraiek aukeratzen dituzte izenburuak literatura klasiko unibertsaleko liburuen artetik. Gaztelaniaz atal bat irakurri ondoren, bakoitzak hautatutako pasarteak elkarrekin partekatu eta haien inguruan eztabaidatzen dute. Itxuraz sinplea dirudien dinamika horren eraginez lau  arlotan hobekuntza nabarmenak aurkitu dituzte ikerlariek.

 

Alde batetik, tertulian landutako gaiek eta izandako eztabaidek etxeko elkarrizketetan izan dute isla; liburu klasikoen inguruko hausnarketak etxeko egunerokotasunean txertatzeak bertan bizi diren haurren elkarrekintza akademikoak areagotu ditu. Bestetik, amen eta seme-alaben irakurketarako motibazioan gorakada  nabarmena antzeman da; amek eskolako tertulietan parte hartzeak handitu egin du haurrek eskolarekiko eta ikaskuntzarekiko duten sentimendu positiboa. Horrez gain, ama horien gaztelania-maila hobetu egin da; astero adostutako pasartea irakurtzeak, ekarpena prestatzeak eta eztabaidetan parte hartzeak eragin zuzena izan du haien hizkuntza gaitasunean, eta, aldi berean, haien konfiantza-mailan. Azkenik, zenbait amak adierazi dute beren seme-alaben etxeko lanak errazago ulertzen dituztela eta haiei laguntzeko gaitasun handiago dutela.

 

Ez dira gutxi liburu klasiko baten irakurketa erakargarriaren bueltan lortzen diren onurak, Botton, Girbés, Ruiz eta Telladok argi uzten duten moduan. Gure esku dago, beraz, eraldaketa ahalbidetzen duten ikasteko testuinguru aberatsak antolatzea eta denon eskura jartzea. Ez dezagun mila gau eta bat gehiago itxaron esperientzia hauek ohiko bilaka daitezen.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907

Loading