Badira 75 egun Kaiera jaio zenetik. Lehen egunetik artikulu guztien jomuga izan da hezkuntza-eragile interesatuei kalitatezko erreferentziak eskaintzea. Ebidentzia zientifikoak ardatz, hausnarketa eta eztabaida bultzatzeko asmoarekin landu ditugu artikulu guztiak, kalitate goreneko ikerketa zientifikoen ekarpenak zabalduz. Euskal eskoletara nazioarteko ikerketa-komunitatean puri-purian dauden eztabaidak helarazi nahi izan ditugu Kaiera proiektua osatzen dugunok, eta horretara bideratu ditugu hiruhileko honetan egindako ahaleginak.

Gertaera ugariren lekuko izan gara 15 aste hauetan. Hainbat eskolatako esperientzien, ekarpen zientifikoen eta baliabide batzuen erabilera egokien isla izan da egunkari digital hau. Denbora aurrera doa: jada uztaila hasi eta Kaierak  ikasturtea agurtu nahi du artikulu honen bidez. Ibilbidearen balantzea egiteko momentu aproposa delakoan gaude. Hartara, hiruhileko honetako artikulu irakurrien zerrenda, eta bisiten errepasoa egin dugu, harpidedunen zein egileen kopurua gora joan dela ahaztu gabe.

Bost artikulu irakurrienak: Gai anitzen inguruan dihardute, eta ikasketarako edota bizitzarako gakoak diren ezaugarrien garapenerako elkarrekintzen garrantzia azpimarratzen dute denek.

Kaiera. Hezkuntzari buruz egunero.

“STEAM” diziplinak, talde elkareragileak eta robotika

Ahozko gaitasuna lantzea ezinbestekoa da arrakasta akademikoa lortzeko

Irakurketa partekatua Haur Hezkuntzan: ikasle–irakasleen arteko elkarrekintza aztergai

Nork erakartzen gaitu eta zergatik? Marcos Castrori egindako elkarrizketa

 

Harpidedunek: Goizero, astelehenetik ostiralera posta elektroniko bat jasotzen dute Kaieraren azken edizioa atera dela berri emanez. Era berean, hainbat profiletako 40 ikasle, irakasle, ikertzaile eta hezkuntzako bestelako zenbait alderdiekin zerikusia duten profesionalek parte hartu dute Kaieran idazle gisa. Haien ilusioz beteriko lana eta ahalegina bihotzez eskertzen dugu.

Bisitak: Guztira 20.782 bisita jaso ditu egunkari honek bere lehenengo 15 asteetan zehar. Gure ustez, arrakastatsua izan da, eguneko batez bestekoa 270tik gorakoa baita. Mugimendu hau sare sozialetan ere islatu da: hainbat lagun egin dira Kaierako  jarraitzaile, bai Twitter-ren, bai  Facebook-en ere. Baliabide horien bidez egunero zabaltzen da eguneko argitalpena.

Irailean bueltan izango gara zientziaz eta ilusioz beterik. Horiek baitira, Paulo Freirek zioen eran, hezkuntzak behar dituen osagarriak. Hartara, jarrai dezagun ametsak marrazten, horietara heltzeko bidearen baldosak honakoak direla ahaztu gabe: zientzia eta ilusioa.

Egilea: Kaiera

Kaiera Logo (K)

Loading