Europan, babesgabetasun egoeran dauden haurren kopuruak gora egin du azken urteetan. Finantza-krisiak haur batzuen kalitatezko zaintza bermatzeko zailtasunak eragin ditu. Espainiako Estatuan, esaterako, 13.700 haur daude instituzioen zaintzapean. EAEn ere haur eta gazte asko bizi da baldintza hauetan. 2017. urtean Gipuzkoan 853 adingabe artatu zituzten egoitza zentroetan, eta Bizkaian, berriz, 2016ko datuek 1.091 izan zirela diote. Hortaz, badugu nahikoa arrazoi haur hauen kalitatezko zaintza eta hezkuntza bermatzeko behar diren eskuhartze eraginkorren bilaketari ekiteko.
Helburu honi erantzunez, Rovira i Virgili eta Bartzelonako unibertsitateko ikerlari diren Garcia Yeste, Gairal, Munté eta Plaja-k (2018) ikerketa interesgarri bat argitaratu dute berriki. Bertan frogatzen dute Tertulia Literario Dialogikoa (TLD) jarduera eraginkorra izan daitekeela harrera-egoitzetan bizi diren nerabeek izaten dituzten arazo akademikoei eta emozionalei aurre egiteko. Kataluniako harrera-etxe batean bizi diren 12-17 urte bitarteko 6 neska eta 6 mutilekin garatu dute beren lana. 2014-2015 ikasturtean zehar Dickensen Oliver Twist liburua irakurri eta bost tertulia-saiotan landu zuten. Tertuliak astean behin egiten zituzten, ordubeteko iraupena zuten eta harrera-egoitzako zaintzaile (eta era berean ikerlari-taldeko partaide) batek moderatzen zituen. Saio horiek behatu eta partehartzaileak elkarrizketatu ondoren, lau ondorio nagusi atera zituzten ikerlariek.
Lehenik eta behin, talde barruko harremanak hobetzen zirela ikusi zuten. TLDetan parte hartzeak interes eta kezka komunak partekatzeko aukera ematen zien nerabeei, eta horrek sustatu egiten zuen komunitate edo talde bereko partaide izatearen sentsazioa. Areago, hausnarketa eta elkarrizketa oinarri dituzten espazio horien parte izateak abagunea ematen zien eskolako eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren gaitasun emozionaletan trebatzeko.
Bigarrenik, enpatia indartzen zen. Elkarren arteko ezagutza hobetzen zen heinean, elkarri entzuteko eta laguntzeko gogoa pizten zen. Honek guztiak nerabeen ongizatean positiboki eragiten zuen.
Hirugarrenik, tertulia errespetuan oinarritutako espazio ziur gisa ikusten zutela antzeman zuten. Errespetatuak zirela sentitzen zutenez, euren sentimenduak partekatzeko beldurrak gainditzen zituzten eta hura lagungarri bilakatzen zen euren oreka emozionalerako.
Azkenik, tertulietan parte hartzeak irakurtzeko interesa piztu zuen gazte hauengan eta zenbait gaitasun akademikoren hobekuntza eragin zuen: ahozko adierazpena hobetzea, katalunieraren ikasketan aurrera egitea, hobeto irakurtzea edota hiztegia aberastea .
Ikerketa honen emaitzen garrantzia agerian da, babesgabetasun egoeran dauden gazteek izaten dituzten zailtasunak kontutan hartzen baditugu. Hainbat herrialdetan egindako ikerketek diotenaren arabera, egoera honetan bizi diren gazteen portzentaje altu batek izaten ditu arazo emozionalak eta jokabide arazoak. Hezkuntza eremuan, berriz, eskola-porrota eta eskolarekiko interes falta pairatzen dute. Egoera horiei aurre egiten laguntzeko baliabide bat aurkezten digu ikerketak. Bilaka dezagun literatura haur eta gazte hauen bidelagun, entzun ditzagun haien ahotsak eta eman diezaiegun mendeetan zehar iraun duten istorioen babespean ikasteko eta amesteko aukera.
Egilea: Leire Ugalde