Jakin badakigu hizkuntza gaitasunaren garapenak zeresana duela gizartean lortuko den arrakasta mailan. Ildo honetan, Includ-ED proiektuak gizarteko talde ahulenek irakurketa-idazketa ikaskuntzan aurkitu ditzaketen zailtasunen inguruko literatura zientifiko zabala jasotzen du, halaber, ikaskuntza honek eskola arrakastarekin eragina du, eta testuinguru behartsuenetan berau garatzeko hainbat planteamendu eta estrategia aurkeztu ditu.
Includ-ED-eko emaitzak ardatz hartuta, Padrós eta Zepa ikerlariek, talde babesgabeenetan hizkuntza irakaskuntza-ikaskuntzan arrakasta lortzen duten lau jarduera identifikatu dituzte:
- Familien alfabetatzea: ikaslearen testuinguruak zuzenki eragiten du haren ikaskuntza prozesuan eta batez ere hizkuntzaren ikaskuntzan. Vigotsky-ren hitzetan, ingurune soziokulturalak garapen kognitiboan eragiten badu, ikaskuntzak ingurunea transformatuko du. Hortaz, arrakasta lortzeko bideetako bat testuinguru horren irakurketa maila garatzeko jarduerak dira, besteak beste, familien alfabetatzean oinarritutakoak edota solasaldi literario dialogikoak.
- Talde interaktiboak: ikerketek erakusten dute taldekatze heterogeneoek (ikaskuntza maila, kultura, familia hizkuntza…) eskaintzen duten aniztasunaz baliatuz, segregazio kasuak ekiditeaz gain, ikasle guztien maila igotzen dela.
- Irakurketa lehenestea: irakurketa orotariko ikaskuntzen oinarrizko faktorea da, eta irakurketa arazoak dituzten ikasleek aukera gehiago dituzte eskolako porrota pairatzeko. Hau horrela, premiazkoa da adin txikienetik irakurketa ikaskuntza indartzea.
- Hizkuntza aniztasuna babestea: ikasgelan ama hizkuntzatzat hizkuntza gutxitua edo atzerrikoa duten ikasleen presentzia arazotzat hartu izan da, eta horri aurre egiteko hartu diren erabakiek ez dituzte behar bezalako emaitzak eskaini. Interdependentzia linguistikoaren hipotesiak (Cummins), ordea, hizkuntza ezberdinen artean egiten ditugun transferentziak onura iturri direla frogatzen digu. Horregatik, hizkuntza nagusian kalitatezko hezkuntza eskaintzeaz gain, hizkuntza gutxituarekiko errespetuak, hau da, berau agerian jartzeak errefortzu positiboa bermatzen duten jarduera arrakastatsuekin batera, emaitza akademikoak, eskolako elkarbizitza eta ekitatea hobetzen ditu. Hainbat proiekturen artean, badago ikasgelan hizkuntza gutxituetako irakasleak sartzea, edo hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzten pertsona eta boluntarioen presentzia egotea.
Emaitzak hobetzen dituzten jarduera horien guztien atzean edo oinarrian dagoen ezinbesteko planteamendua ikasle guztiengan itxaropenik altu eta positiboenak jartzean datza. Hezkuntzan gertatzen diren ezberdintasunak gainditu nahi badira, sinistu behar da ikasle guztiak gai direla beraien irakurketa maila eta gainontzeko gaitasun linguistikoak hobekien garatzeko.
Egilea: Lander Azkue