Ikasturtea hasi da, eta ingeleseko irakasleak betiko panorama aurkitu du: ikasle batzuk ondo moldatzen dira ingelesez, batik bat akademietara joaten direnak, baina beste batzuei asko kostatzen zaie. Galdera betikoa da: zer egin? Taldekako lana aukera oso eraginkorra izan daiteke, baina ez beti, zeren sarritan taldeek ez baitute batere ondo funtzionatzen. Izan ere, taldekako lana eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da, besteak beste, talde bakoitzeko ikasleen hizkuntza maila kontuan hartzea. Nola, ordea? Ikasleak hizkuntza mailaren arabera batu behar ditugu ala maila desberdinetako ikasleak egon behar dira talde guztietan? Askotariko iritziak entzuten dira, eta, gainera, horietariko asko ez dira bateragarriak. Beraz, zertan oinarritu gure erabakiak?

 

Ondoen funtzionatzen duenaren bila, ikerketa zientifikoak ebidentzia asko aurkitu ditu dagoeneko. Lehen begiratuan, ikerketak gai honi buruz esaten duena nahasgarria izan daiteke, eta kontraesan handiak daudela pentsa genezake. Aldiz, xehetasunak arretaz aztertzen baditugu, ikusiko dugu emaitzak bateragarriak direla, oro har.

 

Funtsean, hauxe da eraginkorrena: talde bakoitzean ingeles maila desberdinetako ikasleak egotea. Hala ere, hori ez da nahikoa. Beste ezer kontuan hartzen ez badugu, talde heterogeneoek ondo edo gaizki funtziona dezakete. Izan ere, taldea askotarikoa izatea bezain garrantzitsua da taldekideek lankidetza giroan lan egitea; harreman kolaboratiboa funtsezkoa da. Hortaz, bi baldintza bete behar dira: heterogeneotasuna eta lankidetza. Horixe aurkitu dute azken urteetan egin diren hainbat ikerketak. Nabarmentzeko modukoa da, bigarren hizkuntzen arloan oso erreferentziala bihurtu delako, Torontoko Unibertsitateko YukoWatanabe-k eta MerrillSwain-ekegin zuten ikerketa. Halaber, aipagarria da Melbourneko Unibertsitateko Naomi Storch-ek eta King Saud Unibertsitateko Ali Aldosari-k egin zuten ikerketa.

 

Horrenbestez, ingelesa ikasteko ikasleak taldekatzen ditugunean, maila desberdinetako ikasleak elkartu behar ditugu talde bakoitzean, baina horrekin batera ezinbestekoa da taldean gertatzen diren interakzioak ugariak eta aberatsak izatea. Egia esan, hezkuntza arloko ikerketak aspaldi erakutsi zigun taldekatze homogeneoak aukera txarra direla hezkuntzan, eta pentsatzekoa zen hizkuntzen irakaskuntzan ere gauza bera gerta zitekeela. Izan ere, azken urteetan egin dituzten ikerketek gure susmoa berretsi besterik ez dute egin: ingelesa ikasteko ere onena da talde heterogeneoak egitea eta taldeetan lankidetza bizia izatea.

Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri

Loading