Harrigarria da ikustea hezkuntzan, erdia baino gehiago emakumeak diren arloan, soilik gizonezkoentzat diren botere-guneak daudela, eta are harrigarriagoa da hori gertatzea aniztasunari, parte-hartzeari eta matxismoari buruz ari diren guneetan.
Hala ere, hori gertatu da Balioetan oinarritutako hezkuntza demokratikoaren aldeko adierazpena izeneko dokumentua prestatzean, El Diario de la Educación egunkariak argitaratu duena. Dokumentua berez inkoherentea da, hasiera batean gizonek bakarrik idatzi dutelako, zehazki, adin bertsuko bost gizonek. Gainera, genero-indarkeriaren biktimei gogor eta etengabe eraso dietenen unibertsitateko sail berekoak dira haietako hiru, eta horietako bat ere ez da biktimen alde agertu.
Hezkuntzan aurreratuta egon gara genero-arloko gaiei dagokienez. Profesionalok eta senideok eskoletan proposatu ditugu ondoren gizartean kontuan hartu diren eraldaketak. Gobernuak ere dagoeneko mistoak dira, eta batzuek gizon baino emakume gehiago dituzte. Eta Kanadako presidenteak, haren gobernua zergatik zen parekidea galdetu ziotenean, hauxe erantzun zuen: “2015. urtean gaudelako”. Adierazpeneko gizonak iraganean geratu dira mugitu ezinik, eta gaur egun, sexista izateaz gain, arkaikoa ere bada gizon horiek balioetan oinarritutako hezkuntza-lanaren buruak izan nahi izatea.
Horren harira, egunero balioetan oinarritutako hezkuntza demokratikoan lanean ari garenok oso ondo dakigu ikasleek, esaten dugunaz baino, gehiago ikasten dutela egiten dugunaz. Eta gizon horiek egindako adierazpena printzipio horren guztiz kontrakoa da.
Egilea: Mª Luisa Jaussi