PISA txostenaren emaitzek egin zuten Finlandiako hezkuntza ospetsu, baina zenbakiez harago, nabarmena da badaukagula zer ikasi bost milioi eta erdi biztanle dituen herrialde hartatik, eta ez soilik hezkuntzan inbertitzen duten diru publikoa batez bestekoaren gainetik dagoelako. Hainbat osagairen konbinazioak eragiten du Finlandiako hezkuntza-sistemaren arrakasta, baina, Helsinkiko unibertsitateko Pasi Sahlberg-en arabera, bi ardatz dira garrantzitsuenak: ekitatea eta irakasleen prestakuntza.

 

Duela berrogei urte, egoera ez zen hain dirdiratsua, eta hezkuntza-politika aldatzea erabaki zuten. Bestelako baliabide naturalik edo indargunerik ez zuen herrialdean, hiritarren hezkuntzan inbertitzea zen eraginkorrena. Bi helburu zituzten garai hartan: gizarte berdinzaleagoa eta bidezkoagoa bihurtzea eta, bide batez, merkatuetan posizio hobea lortzea. Urteen poderioz bi helburuak erdietsi dituzte.

 

Ekitatea eta inklusioa dira Finlandiako hezkuntza-sistemaren ezaugarri behinenak. Lehen ez zen horrela: 70eko hamarkadan oraindik ikasleen emaitzen arteko aldea oso handia zen. Alabaina, politika aktibo eta ekitatiboari esker, egoera hainbeste hobetu da, non eskola batzuen eta besteen arteko aldea oso txikia den. Eskola guztiak daude kalitate-maila jakin batetik gora. Ondorioz, munduko herrialderik onenetako bat da hezkuntzaren bitartez desberdinkeria sozialari aurre egiten: familien estatus sozio-ekonomikoaren eta ikasleen emaitza akademikoen arteko harremana nazioarteko txikienetako bat da. Gakoa, beraz, ez da ikasleak eskoletan banatzea, baizik eta eskola guztien kalitatea handitzea. Irakasleen lanaren bitartez bermatzen dute eskolako helburuak ikasle guztiek lortzea.

 

Irakasleen garapen profesionala ezinbesteko zutabea da. Bizi osoko prestakuntza-lana da halabeharrez. Unibertsitateko bost urteko ikasketekin hasten  da (lau urteko gradua eta urtebeteko masterra), baina zeregin horrek ez du etenik eskoletan lanean hasten direnean. Medikuek eta erizainek egin behar duten bezala, irakasleek ere bizi osoa pasatzen duten ikasten. Hezkuntza-arloko ikerketa zientifikoa da prestakuntzaren oinarria. Irakasleen komunitate kohesionatu bat sortzea beharrezkoa da, eraginkorrak ez diren ideiak onartu ez ditzaten, eta soilik ondo funtzionatzen duten ideiak erabil ditzaten; horretarako, beharrezkoa da irakasleen arteko lankidetza eta elkarren babesa. Ondorioz, irakasleek gaitasun oso handia dute arazoak identifikatzeko eta irtenbide eraginkorrak eskolan bertan bideratzeko. Baldintza horietan garatu da Finlandiako eskolen autonomia handia.

 

Kalitateak eta ekitateak hezkuntzan zer lotura duten jakin nahi duenarentzat, Finlandia adibide argia da: kalitatea eta ekitatea ez dira soilik bateragarriak; ekitatea ardatz izateak ahalbidetzen du kalitatea handitzea, eta, horretarako, funtsezkoa da irakasleen trebakuntzaren oinarrian ikerketa eraginkorrak jartzea, ebidentzietan oinarritutakoak, alegia, eta, halaber, irakasleen prestakuntza etengabea izatea.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri