Herbehereetan krisi larria sortu da irakasleak agortzen ari direlako. Amsterdam eremu kaltetuenetariko bat da, eta azken hamarkadako hezkuntza-krisirik gogorrena izaten ari da. Egoerari erantzuna emate aldera, bertako udalak irakaskuntzan esperientzia duten funtzionarioak eta siriar errefuxiatuak eskatu ditu eskoletan lan egiteko.
Pasa den ikasturteko azken seihilekoan, 15.000 bat ikasle itzuli behar izan ziren etxera beren irakasleak gaixorik zeudelako edota bertaratu ez zirelako. Bestalde, ikasturte honen hasieran, Lehen Hezkuntzako 8.000 ikasle irakasle gabe daude oraindik .
Ondorioz, gobernuak ezohiko neurriak jarri ditu martxan aurtengo ikasturteari hasiera eman ahal izateko. Horien artean, langile publikoei egin zien galdera hau: “nor dago laguntzeko prest?” Horri esker, gobernuak 60 funtzionario bideratu ditu hezkuntza-sistemara. Horietatik lau baino ez dira irakasle gaituak. Halaber, oraindik ikasketak bukatu ez dituzten ikasleei praktiketako lanpostu bat eskainiko diete hezkuntzan.
Era berean, Amsterdamgo Udalak euren herrialdean irakasle izan ziren 15 siriar errefuxiatu prestatu ditu Kimika, Matematika edota Fisika irakasteko.
Sindikatuak asko kexatu dira Herbehereetan, azken hamarkadan irakasleen kontratazioak murriztu direlako eta soldatak oso gutxi igo direlako. Egoera hori larriagoa da Lehen Hezkuntzako eskoletan. Hori dela eta, iaz antolatu zen greba orokorrean 90.000 irakaslek parte hartu zuten.
Hezkuntza ministroak esan du Amsterdam saiatzen ari dela ahal duen guztia egiten eskolek ondo funtziona dezaten. Era berean, adierazi du kalitatezko hezkuntza eskaintzeko ezinbestekoa dela langile adituak edukitzea edo horiek aditu izateko trebatzea.
Bestalde, BBO Lehen Hezkuntzako elkartearen ustez, hezkuntza-sistema ahula da eta kezkatuta daude, alde batetik, ez dutelako nahi gripe baten eraginez haurrak eskolarik gabe geratzea, eta bestetik, ez dutelako nahi hezkuntzaren mailak behera egitea irakasleen prestakuntza eskasagatik.
Egilea: Iraitz Hurtado