Harvard-eko Unibertsitatera iristen direnean, ikasle guztiek ez dute berdin pentsatzen aniztasunaz. Harvardeko irakaslea den Richard Light-ek 30 urte daramatza unibertsitate hartako ikasleek Harvarden bizi dituzten esperientziak ikertzen, ondoen funtzionatzen duten ereduak identifikatu nahian, eta hainbat ikaslek kontatu diote unibertsitatera iritsi aurretik mesfidantzaz begiratzen ziotela aniztasuna goresten zuen edonori. Harvarden hasiberriak diren ikasle batzuek ez dute sentitzen ordura arte aniztasunari inolako etekinik atera diotenik, batik bat beren institutuko esperientziei buruz hausnartzen dutenean: ezer ikasterik ez dagoen ikasgelak dituzte gogoan, giro kaskarreko saioak. Institutu eskas horietan, lehenengo neurria hezkuntza-eskaintzaren maila txikitzea da, eta, aldi berean, ikasleekiko itxaropenak hutsera murriztea. Ondorioa? Inork ez du ezer askorik ikasten, batzuek ezer ez; elkarbizitza zaila izan ohi da, eta, gainera, errua gehienbat zailtasun handienak dituzten ikasleei leporatzen diete. Ikusitakoak ikusita, Harvardera iritsi berriak diren ikasleei zentzugabea iruditzen zaie pentsatzea aniztasunak ezinbestean elkar aberastea eragiten duenik.

 

Baina, Lighten arabera, ikasle mesfidati horien ikuspegia asko aldatzen da Harvard ezagutzen dutenean. Zergatik, baina?

 

Ikasleen ezaugarriak asko aldatu dira Harvardeko Unibertsitatean. Richard Lighten arabera, 1963. urtean Harvardeko sei ikasletik bakarra zen emakumezkoa graduatu aurrekoen artean, eta 40 urte geroago ia erdia ziren. Halaber, 1963an kaukasiar zuriak ziren 100 ikasletik 99, eta, lau hamarkada geroago, ez ziren iristen hirutik bi izatera. Sei ikasletik bat urtean 20.000 dolar baino gutxiago irabazten duen familiatik dator. Harvarden gero eta aniztasun handiagoa dago, baina orain, erronka kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere bada, zeren eta, bertan presentzialki egoteaz gain, helburua baita ikasle guztiek aktiboki parte hartzeko benetako aukerak izatea, ez soilik aukera formalak izatea.

 

Arrakastaren gakoa da talde ahalik eta anitzenak osatzea eta, era berean, harreman onak eraikitzeko baldintzak sortzea (egoitzetan, aisialdian, ikasgelan). Ez dira motibazioaren eremuan gelditzen. Badakite ikasleak ondo sentitzeko nahitaezkoa dela ikasleak asko ikasten ari direla konturatzea, eta, Lightek dioenez, irakasleak horretan saiatzen dira buru-belarri. Ikasle guztiekiko itxaropen handiak dauzkate, lan handia eskatzen diete, asko irakurri behar izaten dute, eta asko idatzi. Ikasgelan elkarrizketa aberasgarrietarako aukera ederrak ere izaten dituzte, eta, ikasleen artean dagoen aniztasunari esker, inoiz entzun gabeko ekarpenak bertatik bertara entzuteko eta eztabaidatzeko aukera ere izaten dute. Gelaz kanpo ere ikasleak elkarrekin talde txikietan lan egitera bultzatzen dituzte irakasle onenek, eta, gainera, ikasleek egiten dituzten lanak hurbiletik tutorizatzen dituzte, feedbacka maiz ematen diete eta lanak hobetzeko aukerak eskaintzen dizkiete.

Harvardeko ikasleek aho batez esaten dute beren unibertsitatean ikasleen aniztasuna oso aberasgarria dela, bertako esperientziaren gauzarik gogoangarrienetako bat, hain zuzen.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117