Aldaketa sakonak gertatzen dira bizitzaren lehenengo 5 urteetan: itxura fisikotik garunaren garapenara doazen aldaketa garrantzitsuak lehenengo urte horietan gertatzen dira. Hartara, Haur Hezkuntzan arreta jartzen duten ikerketa ugari daude. Gauzak horrela, Karen L. Tonge-k, Rachel A. Jones-ek eta Anthony D. Okely-k aurten egindako ikerketan, aire zabaleko ekintzetan gertatzen diren irakasleen eta ikasleen arteko elkarrekintzen kalitatea aztertu dute.
Horretarako, Australiako ezaugarri anitzeko Haur Hezkuntzako 11 ikastetxek parte hartu dute, 110 irakaslek/hezitzailek eta 2-5 urte bitarteko 490 umek barne. Ikastetxe guztietan, hiru dimentsioetan oinarritutako behaketak egin dituzte: euskarri emozionalean, gelako antolaketan eta euskarri hezigarrian.
Ikerketa horren emaitza nagusien arabera, Haur Hezkuntzako irakasleen/hezitzaileen eta umeen arteko elkarrekintzen kalitateari laguntzen dioten faktoreen artean, aire zabalean denbora gehiago igarotzea dago. Halaber, elkarrekintza horien kalitateak gora egingo du gelan edo kanpoan jolasteko erabakia umeen esku uzten bada. Horren ondorioz, ume gutxiago egon daitezke espazio bakoitzean eta, horrela, materiala eta espazioa eskuragarriago izan dezakete. Hala, itxaroteko denborak txikitzeaz gain, horrek sorraraz ditzakeen gatazken gutxitzea dakar. Horrelako pistak identifikatzea baliagarria da Haur Hezkuntzako irakasleentzat, kalitatezko testuinguruak sustatzeko.
Bukatzeko, Haur Hezkuntzako etapako ekintzen planifikazioa jakinaren gainean egiteak berebiziko garrantzia duela dio ikerketa horrek. Izan ere, aire zabaleko ikasketa-prozesuek umeen esperientzietan, ibilbide akademikoan eta garapenean eragina duten kalitatezko elkarrekintzak eskaintzen dituzte. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, aldaketa txikiekin lorpen handiak egin daitezke irakasleen/hezitzaileen eta haurren arteko elkarrekintzak kalitatezkoak izan daitezen, baita aire zabaleko ekintzetan ere.
Egilea: Andrea Khalfaoui