Carlos Mayoral idazleak zera adierazi du: “ezin dut sinetsi nola disfruta dezakeen inork James Joyceren Ulises irakurtzen”. Ni, aldiz, eskolara zortzi urtera arte soilik joan arren lau bider irakurrita daukat, eta orain bosgarrenetik noa.

Solasaldi literario dialogikoak egiten diren solasaldi-talde batera joaten naiz sarritan, eta bertan liburu klasiko asko irakurtzen ditugu. Egun, James Joyceren Ulises irakurtzen ari gara, eta ez pentsa katedratikoak garenik; maila akademiko desberdinak ditugun pertsonak gara, batzuek lehen hezkuntzako ikasketak dituzte, baina guztiok partekatzen ditugu irakurgaia eta analisiak.

Solasaldian Ulises liburua irakurtzen gozatzen dugu. Astean behin batzen gara, paragrafoak nahiz esaldiak partekatzen ditugu eta irakurritakoa aztertzen dugu, baita zer ulertu dugun ere; horrek guztiak poztasunez betetzen gaitu, guretzat erronka baita literatura klasikoko maisulan bat irakurtzea.

Noski, ez ditugu orriak arin irakurtzen, ezta diagonalean ere; hori ez da gure irakurtzeko era, ez dut uste horrela obra garrantzitsurik irakur daitekeenik. Hitzak aztertzen ditugu, Interneten eta entziklopedietan ere informazioa bilatzen dugu, eta horrek garaian kokatzen eta ezaugarriak ezagutzen laguntzen digu.

Era berean, garrantzitsua da guretzat protagonistak elkarren interakzioen bitartez eta euren barne-interakzioen bitartez ulertzea. Horrekin batera, geure pentsamendua nola dabilen ere ulertzen dugu, eta hori ez da laua; aitzitik, jarduten, pentsatzen eta hitz egiten ari gara aldi berean, konturatu ere egin gabe. Hori adimenaren eta ezagutzaren leihoa irekitzearen antzekoa da taldearentzat.

Joyceren Ulises irakurtzean, ohartzen gara Odisea denok bizi dezakegula geure egunerokotasunean, eta ez dela heroi batek bakarrik bizi dezakeen zerbait.

Ana Lebronek El Diario Feministan argitaratutako artikulua itzulita

Egilea: Ana Lebrón

Loading