2014. urtean hasi nintzen boluntario gisa Elejabarri Ikas Komunitatean talde interaktiboetan.
Normalean, egokitu zaidan taldearen dinamizazioa berdin egin ohi dut, irakasgaia edozein dela ere. Hasteko, galdera bat botatzen dut: “nork hasi nahi du?”. Dinamizatzaile gisa, oso garrantzitsua da guztien parte-hartzea sustatzea. Beraz, normalean parte hartzen ez duten ikasleen ekarpenak asko balioesten ditut, eta etengabe parte hartzen ari den ikasleari besteei uzteko eskatzen diot eta, guztiei entzun eta gero ados ez badago edo zerbait falta dela uste badu, betetzen laguntzeko; beti adostasuna bilatzen dut. Gainera, ariketa egiten dakitenei dauzkaten trikimailuak guztiekin partekatzeko eskatzen diet. Beste alde batetik, idazteko arazoak dauzkaten ikasleen kasuan, nik lagundu ohi diet besteek haien fitxetan idazten duten bitartean, baina beste ikasleren batek amaituz gero, horrek laguntzen dio.
Ikastearen eta ariketa egitearen garrantzia nabarmentzen saiatzen naiz beti. Ahalegin handiak egiten dituztela ikusten dudanean, “joe, zenbat hobetzen ari zaren” esaten diet. Nirekin harreman handia dute, haien irakasleak baino hurbilagoa naizelako haientzat, edo hala ikusten nautelako. Haien zaletasunak, gustuko duten musika, interesak eta kezkak jakitea gustatzen zait, eta haiek ere nigan interes handia adierazten dute; adibidez, beti esaten dute zerbait ilea mozten dudanean edo gauza berriren bat daramadanean. Halaber, interes handia daukate unibertsitatean zer egiten dudan jakiteko, eta harrituta geratu ohi dira (baina modu positiboan) irakasgai guztiak gainditu ditudala esaten diedanean.
Eredugarria diren hainbat kasu konta ditzaket, baina harrigarrienetariko bat eta gehien irakatsi didana Hezkuntza Premia Bereziak dituen mutil batena da. Bosgarren mailan hasi zenean ez zekien irakurtzen. Talde interaktiboei, solasaldi literarioei eta eskolaz kanpoko ordutegian beste boluntarioarekin egiten zuen lanari esker, ikasturte bukaerarako irakurtzen ikasi zuen. Irakasleek prestatzen zioten guztiek erabiliko zuten material berbera, hark erabili ahal izateko. Haren ikaskideek asko lagundu zuten prozesuan zehar. Hasieran talde interaktiboen saioetan ikasi zuten laguntza ematen, eta gero laguntza hori beste saio batzuetara zabaldu zuten; adibidez, hitzak silabaka ahoskatzen zizkioten berak idatz zitzan, edo lagundu egiten zioten horiek irakurtzen edo argudioak prestatzen. Memento horretatik, dinamika hori hasi zenetik aurrera, beti eskatzen zuen irakurtzeko txanda. Bere burua ikusteko modua aldatu zen, eta beste ekintza konplexu batzuetan ere parte hartzen hasi zen.
Asko ikasi dut esperientzia horretatik: aniztasunari erantzun egokiak emateko eta aniztasunaren altxorra ateratzeko estrategiak, ikasteko prozesua, hezkuntza bereziko umeen irakaskuntza nola planteatu eta gela nola antolatu, eta espektatiben garrantzia, besteak beste. Pentsa daiteke boluntario batek asko ematen duela, baina nik uste dut gehiago jaso dudala, bai profesionalki bai maila pertsonalean.
Egilea: Ane López de Aguileta