Animalien artean, ikasteko gaitasunagatik nabarmentzen da gizakia, baina baita irakasteko gaitasunagatik ere. Oso txikitatik arazoak konpontzen ahalegintzeko joera du haurrak, baina ahalegin horiek maiz izaten dute trebeagoak diren beste batzuen laguntza. Harreman interaktibo eta instrukzional hori funtsezkoa da ikaskuntzaren garapena ulertzeko. Laguntza horren funtsa ez da soilik eredu onak ematea eta horiek imitatzea. Sarri, aldamiaje (scaffolding) lana egiten du laguntza horrek. Baina zer esan nahi dugu aldamiajea esaten dugunean?
Aldamiajeraren kontzeptua Jerome Bruner-ek plazaratu zuen. Lev Vygotsky-ren Garapen Hurbileko Eremuaren (GHE) kontzeptuan oinarritua dago. GHE da pertsona jakin batek bakarrik egin dezakeenaren eta beste norbaiten laguntzarekin egin dezakeenaren arteko aldea.
Ume jakin batek bere kasa hainbat ataza egin ahal izango ditu, baina bakarka egin ezin ditzakeen hainbat ataza ere egin ditzake beste norbaiten laguntzarekin, eta, gainera, praktikatu ahala, haurra gero eta kapazagoa izango da ataza horiek bere kasa egiteko, eta azkenerako ez du laguntzarik beharko egiteko. Ahalmen horiek garatu daitezen funtsezkoak dira bide horretan gertatzen diren besteekiko interakzioak. Ahalmenak garatzea sustatzen duten laguntza horiek dira aldamiajea.
Hainbat ikerketaren bidez frogatu zuten Bruner-ek eta bere kideek aldamiajearen ideia oso eraginkorra dela ikaskuntza arrakastaz sustatzeko. Hamarkadak dira hori frogatu zutela. Esate baterako, 1976an argitaratu zen artikulu batean, David Wood, Jerome Bruner eta Gail Ross ikertzaileek aztergai izan zuten 3, 4 eta 5 urteko haurrek piramide bat nola eraikitzen zuten eta prozesu horretan zer ikasten zuten. Modu konplexuan elkarri lotzen zitzaizkion piezekin osatu behar zuten piramidea. Ikaskuntza-prozesua askoz eraginkorragoa zen umeek heldu batekiko interakzioan aldamiajearen laguntza jasotzen zutenean. Helduek umeen arreta erakartzen zuten, umeen jarduera atazaren alderdi batzuetara mugatzen zuten, arazoaren konponbidearen noranzkoan gidatzen zituzten, funtsezkoak ziren alderdiak nabarmentzen zituzten, frustrazioa kontrolpean mantentzen zuten eta, haurrek uler zezaketenean, konponbideak erakusten zizkieten. Horrekin guztiarekin, prozesua garatu ahala, haurraren ahalmena eta autonomia handitu egiten ziren. Aitzitik, aldamiaje eraginkorrik gabe, haurraren ahalmena ez zen hainbeste garatzen, ezta autonomia ere.
Gure ikasle batek ikasketekin zailtasunak dituenean, guk eskaintzen dizkiogun aldamiajeak aztertzea komenigarria izan daiteke. Beharbada, analisi horretan identifikatuko dugu zer alda dezakegun gure jardunean ikasleei ikaskuntzarako aukera eraginkor gehiago eskaini ahal izateko. Azken finean, aldamiaje eraginkorragoa eskaini ahala, ikasleen lorpenak areagotu egingo dira.
Egilea: Harkaitz Zubiri