Narrazioa erabili izan da hiztegia hainbat hizkuntzatan irakasteko, baina ez dago horri buruzko ikerketa askorik. Luxemburgeko Unibertsitateko Claudine Kirsch-ek, hain zuzen, horixe ikertzea izan du helburu, eta Lehen Hezkuntzako (LH) 10-11 urteko 6 ikasleren bilakaera aztertu zuen horretarako. Alemana lehenengo urteetan ikasten ari ziren ikasleekin egin zuen ikerketa; era berean, irakaslea alemaniarra zen eta ama-hizkuntza ere alemana zuen.
Metodologia kualitatiboa erabili zuen eta datuak hainbat instrumenturekin batu zituen: behaketa, elkarrizketak, dokumentuak, testak eta post-testak. Narrazio mota guztiak grabatu eta behatu zituen.
Lortutako emaitzarik adierazgarrienak hauek izan ziren: kontakizunean eta ondoren egiten ziren jardueretan gehien murgiltzen ziren ikasleek hitz gehiago gogoratzen zituzten eta hitz berri gehiago barneratzen zituzten. Era berean, denbora igaro eta gero, hitz berberak gogoratzen zituzten.
Testuetan erabilitako egitura batzuk ere adierazgarriak izan ziren barneratze-prozesu horretarako. Aldi berean, kasu horretan ere (Kaieran aurkeztutako beste ikerketa askotan gertatzen den bezala), irakaslearen rolak garrantzi handia dauka, baita istorioa kontatzeko moduak eta narrazioa erabiltzeko moduak ere. Ezinbestekoak dira ikasleen arreta erakartzen duten estrategiak eta erremintak, ahots-doinua aldatuz joatea, etenaldiekin jokatzea, esaldi berbera parafraseatzea, hitz desberdinak erabiltzea esaldi bera azaltzeko (horrek narrazioa ulergarriagoa izatea sustatuko du), keinuak eta mimika erabiltzea eta rol playing-a sustatzea.
Narrazioa da saio horien ardatza, baina hori bezain garrantzitsua da ipuinean ikasten hasi diren hiztegia ipuina kontatu ondoren erabiltzen jarraitzea, eta horretarako beharrezkoa da ikasleei hainbat jardueraren bidez hizkuntza hori behin eta berriro erabiltzeko aukerak eskaintzea.
Egilea: Idoia Uriarte