Bankurik ez zeukan udalerririk handiena zen AEBetan harik eta 2002. urtean sukurtsal bat ireki zuten arte. Eskualdean kriminalitate-tasa handiena dauka. Ia denek ezagutzen dute bortxaz erail duten norbait. AEBetako hilketaren hiriburua deitu zioten 1992an, 30.000 biztanleko udalerri honetan 39 hilketa jasan zituztenean. East Palo Alto da udalerriaren izena. Kaliforniako iparraldean dago.
Bertan dago East Palo Alto Academy izeneko bigarren hezkuntzako ikastetxea. Ikasleen % 97k dauka jantokiko beka. Familien % 84n ingelesa ez da lehen hizkuntza. Familien % 64n inork ez ditu bukatu bigarren hezkuntzako ikasketak. Familien % 90en inor ez da unibertsitatera joan.
Garai batean institutu horrek ez zuen ondo funtzionatzen. Ikasleen herena baino ez ziren garaiz graduatzen. Segregazioaren aurkako politiken irizpideei jarraiki, 1976an itxi egin zuten ikastetxea, eta ikasleak autobusetan bidali zituzten inguruko herrietara, batik bat ondokora, Palo Alto dirudunera. Baina ikasle horiek eskoletan porrot egiten jarraitu zuten. Ez ziren hain ikusgarriak, beste askoren artean zeudelako, baina beren ibilbideak ez zuen hobera egin.
Institutua berriro irekitzea erabaki zuten, baina ikastetxea guztiz eraldatu zuten. Harrezkero, egoera asko hobetu da. Azken urteetan ikasleen % 92 graduatu da dagokion denboran. Graduatuen artean ikasleen % 90 onartu dituzte unibertsitatean. Kalifornian batezbestekoa East Palo Altokoaren erdia da, ikastetxe mota guztiak kontuan hartuta.
Datu horiek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Baldintzarik zailenetan ere posible da eskolak ikasle guztiei hezkuntza onena eskaintzea. Gainera, ez da ahaztu behar East Palo Alto Academy-k ez dauzkala besteek baino baliabide gehiago.
Nola egiten dute? Irakasleen prestakuntzari sekulako garrantzia ematen diote. Irakasleen arteko lankidetza ere funtsezkoa da. Horrez gain, Stanford Unibertsitateko Irakasle Eskolako irakasleekin lankidetzan aritzen dira. Ikasleak oso hurbiletik ezagutzeari ezinbesteko deritzote. Ikasgelan talde heterogeneoak dauzkate, eta ikasgelatik kanpo tutoretza eta aholkularitza pertsonalizatua, irakasleen nahiz boluntarioen eskutik. Espektatiba oso handiak dauzkate ikasle guztientzat. Zailtasunak sortzen direnean (eta ia beti sortzen dira) ez dituzte espektatibak murrizten. Aitzitik, irakasleek eta tutoreek ematen dieten laguntza izaten da zailtasunak gainditzeko oinarria. Ataza errazagoak erabiltzen dituztenean, ez da espektatibak murriztu dituztelako. Alderantziz, espektatiba handienetara iristeko aldamiaje-lana egiten dute ataza horiek. Hori guztia lortu ahal izateko, haien iritziz ezinbestekoa da kultura akademiko sendo bat irakastea eta ikastea, arrakasta akademikorako beharrezkoak diren lan-ohiturak, alegia. Era berean, lorpen horiek ezinezkoak dira bizikidetza-giroa egokia ez bada, eta horregatik ematen diote hainbesteko garrantzia eskolako harreman onak lantzeari, ikasleak gustura eta ziur sentitu daitezen. Eta hori guztia oso intentsitate handiarekin egiten dute.
East Palo Alto Academy-ra iristen diren ikasle gehienak konfiantzarik gabe iristen dira, eskolako espektatibarik gabe, eta ezagutza akademiko oso eskasarekin. Handik lau urtera ia ikasle guztiak unibertsitatera joaten dira. Ikastetxean gertatzen dena da aldaketa hori ulertzeko gakoa.
Egilea: Harkaitz Zubiri