Otsailaren 14aren harira, amodioaren aurkako kanpainak egiten dira genero-indarkeriaren kausatzat jo ohi delako; baina, amodioak hiltzen du?
Gaurko eztabaidarekin, El Diario Feminista egunkariko eztabaida baten itzulpenean oinarritua, ikasgeletan gaiari buruz hausnartzeko elementuen ekarpena egin nahi dugu.
Egilea: Mar Joanpere
Amodioak ez du hiltzen, indarkeriak hiltzen du
Historiak erakusten du amodioari esker pertsonen arteko askatasun- eta elkartasun-lotura indartsuenak sor daitezkeela. Era berean, historiak eta gure inguruneak erakusten dute maitasunaren kontrako diskurtsoek askatasun- eta elkartasun-lotura sendoenak hausten dituztela.
1936an, Mujeres Libres erakundea (Emakume askeak, euskaraz) gai izan zen espazio bat sortzeko non emakumeak aske ziren erabakitzeko norekin eta nola izan nahi zituzten harremanak. Askeak ziren nahi zuten amodioa hautatzen zutelako. Hori haustuz joan zen, askatasunetik “denak balio du, eta zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto” pentsamendura igaro ahala, eta, horrela, printzipioak galdu eta balioak suntsitu ziren. Paradigma-aldaketa horrek nahasketa handi eta larriak ekarri zituen, eta horiek handituz joan dira amodio- eta askatasun-nahiak hutsaldu eta irrigarri utzi ahala. Nahasketa horiek gero eta ondorio larriagoak dituzte gizartean.
Egungo eztabaida gehienak ez dira gai muinari eta oinarrizkoenari heltzeko: indarkeriak gizartean eragiten duen erakarpena. Horrek oso arrisku larria dakar oso gaztetatik. Txikitatik gizarteko estimulu askok bultzatzen gaituzte –testuinguru guztietan- jarrera harroputzenak, lotsagabeenak eta oldarkorrenak desiratzera, eta horrek gazteak nahasten ditu eta, ondorioz, indarkeriazko jarrerak amodioarekin lotzen dituzte. Ez dute ulertzen zergatik egiten zaizkien erakargarri indarkeriazko ereduak, jakin badakiten arren oso bestelako ereduak komeni zaizkiela, indarkeriarekin zerikusirik ez dutenak, bai, ordea, amodioarekin.
Eta horrek ez du zerikusirik bizi osorako maiteekin edo bikotekide egonkorrekin, hori harreman mota guztietan gertatzen da, gau batekoetan nahiz betikoetan, diskoteka baten ondoan edo okupatutako etxeetan.
XXI. mendeko maitasuna iraultzailea da edozein indarkeria mota prebenitzen duelako, eta erradikala da honako hauek barne hartzen dituelako: berdintasuna, grina eta elkartasuna, baita nola, noiz, non eta norekin/nortzuekin erabakitzeko askatasuna ere. Hori da batzuek akabatu nahi duten maitasuna. Ez dute pentsatzen ametsak suntsitzeak, grina eragiteko moduko bestelako aukerarik sortu gabe, neskak eramaten dituela zentzurik gabeko harremanak izatera, eta lehia nahiz norgehiagoka sustatzen dituela. Bestalde, mutilek ikasten dute zenbat eta harroagoak eta bortitzagoak izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango dutela.
Horixe da, “askatasunaren” izenean amodioa suntsitzen dugun bitartean, ezkutatzen dugun eztabaida. Feminismo iraultzaileena lotuta dago indarkeriari eta hori erabiltzen dutenei aurre egitearekin, eta badaki maitasuna, hiltzeaz gain, indarkeria prebenitzeko aukera nagusia dela.
Amodioak, abizenik gabe, hiltzen du
Egilea: Marian Moreno
Amodioak, horrela, letra larriz eta abizenik gabe, hiltzen du. Hildako emakume guztiek pentsatu izan ez balute haien benetako maitearekin zeudela, ez zituzketen hilko, oraindik geure artean egongo ziratekeen. Matxismoa maitasunean oinarritzen da boterea baliatzeko, Kate Millet-ek dioen bezala, “guk maitatzen genuen bitartean, gizonek gobernatzen zuten”.
Amodioak hiltzen du irakasten digutelako, familian, eskolan, kulturan, komunikabideetan eta gure sozializazioan, emakume gisa geure burua eman behar dugula maitasunaren izenean, izan ere, emakumeoi, historikoki, irakatsi digute amodioa dela gure bizi-proiektuaren erdigunea. Amodioak hiltzen du buruan sartzen digutelako hori gabe ez garela ezer, bakarrik ez goazela inora, edozein pertsonarekiko mendekotasun emozionala izan behar dugula eta zorionekoak izango garela gizon bortitz batekin maitemintzea egokitzen ez bazaigu.
Oso zaila da emakume batek bakarrik, laguntzarik gabe, aurre egin ahal izatea bere burua eman behar duela eta mendekotasun emozionala izan behar duela adierazten dioten mezu guztiei. Amodioak hiltzen du zainetan sartzen digutelako, bakartasunetik edo porrotetik salbatzen gaituzten maitasun-dosien bidez. Amodioa arrosaz jantzita dator gure bakartasun-dorrea igotzera eta gu bizitza idealera eramatera. Horixe diote ipuinek, filmek, eleberriek eta jaiotzen garenetik etengabe helarazten dizkiguten mezuek.
Amodioak hiltzen du erlijio monoteistek esan digutelako eusteko, etxeko aingerua garela, baina etxetik eta bikotetik kanpo ez garela inor. Amodioak hiltzen du baina ez berez txarra delako, ez maitatzea ona ez delako, amodioak hiltzen du hori modu erabat gaiztoan eraiki dugulako, gizonen eta emakumeen berdintasunean oinarritu gabe. Amodioak hiltzen du gizarte honek bizitza osoan prestatzen gaituelako beste batentzat bizitzeko, geure buruari begiratu gabe, baina gizonei ez zaie hori planteatzen. Amodioak hiltzen gaitu laranja erdian sinesten dugulako, maitasunarekin dena gainditzen dela pentsatzen dugulako, jeloskortasuna maitasunaren seinale gisa onartzen dugulako.
Amodioari Feminista abizena gehitzen diogunean soilik utziko dio hiltzeari, feminista denean ezingo delako desberdina izan, baina, hori bai, orain arte ulertu dugun modukoa izateari utziko dio. Horregatik, amodioak, abizenik gabe, hiltzen du.