Eskola-jazarpenarekin edo bullying tradizionalarekin lotutako arrisku-faktoreak cyberbullying-ean ere antzematen dira? Ikerketa honetan, biktimizazioaren, erasotzearen eta elementu psikosozialen (adibidez, lagunak, laguntza soziala, autoestimua eta ospea) arteko interakzioari eta bullying tradizionalaren eta cyberbulling-aren arteko antzekotasunei erreparatu zaie. Horretarako, 10 eta 12 urte arteko 1058 haurrek parte hartu dute.
Bullying-aren, hainbat dimentsiotatik begiratuta, eta cyberbullying-aren artean zenbait antzekotasun aurkitu dituzte. Horietako bat adiskidetasuna da. Harreman pertsonalak, bai kalitateari bai kopuruari dagokienez, garrantzitsuak dira biktimizazioa saihesteko, biktimari laguntasuna emateko eta bakartasuna alde batera uzteko. Harreman estuak ez dituzten umeak harrapakin errazak dira, alde batetik, zapaltzaileek harreman estuak ez dituztenen artean bilatzen dituztelako biktimak eta, beste aldetik, beren burua ezin dutelako defendatu edo isolatuta daudelako.
Beste dimentsio bat, hau ere oso inportantea, interakzio positiboak izatea da, hau da, beste pertsona batzuekin denbora pasatzea, haien babesa izatea eta haiekin ondo sentitzea. Harreman positiboak ahalbidetzen dituzten giroak sortzen badira, erasoei aurre egiteko estrategia gehiago izango ditu biktimak.
Beste aldetik, zapaltzaileek autoeraginkortasunik ez dutela agerikoa da, eta, era berean, ez dute beren emozio negatiboak kudeatzeko kontrol handirik. Batzuek bullying-a edo cyberbulling-a boterea eta fama lortzeko bidea balitz bezala ikusten dute.
Eskoletan jazarpen-egoera horiek guztiak kudeatzeko politikak aldatu behar dira. Irakasleok gure ikasleen beharrei erantzuteko moduko prestakuntza izan beharko genuke, baita haien gaitasun sozialak garatzeko estrategiak eskaintzeko modukoa ere. Era berean, adiskidetasun positiboak bultzatu behar ditugu, zapaltzaileak edo biktimak izan ez daitezen eta, hala izanez gero, egoera horretatik atera daitezen, baita harreman negatiboek sortutako antsietatea gaindi dezaten ere.
Kontuan izan behar dugu hori gelan bertan gerta daitekeela, baita giro digitalean ere. Beraz, oso garrantzitsua da haientzat mundu birtualean berdinen arteko laguntza izateko programak garatzea, baina betiere gune babestuetan, zapaltzaileak ekiditeko. Gelan landu ditzakegu teknologiak era egokian eta erantzukizunez erabiltzeko konpetentziak.
Laburbilduz, garrantzitsua da ikasleekin prebentzio-lanerako hainbat bide erabiltzea: (1) zapaltzaileen aurka laguntasunaren balioa izugarria izan daitekeela jakitea; (2) jakin behar dute babesak izugarrizko boterea duela online eta offline harremanetan; (3) bullying egoerak aztertzea eta haiek alda ditzaketen jarreren inguruan hausnartzea, berriro ez gertatzeko; (4) indarkeria erabiltzeak eta populartasunak edo erakargarritasunak duten lotura. Hori, batez ere, sare sozialetan kontrolatu behar da, batzuetan biktimak irrigarri uzteko erabiltzen delako informazioa. Oso inportantea da guk, irakasleok, gure ikasleei irakastea besteen informazio pertsonala bidaltzeak zein ondorio duen.
Egilea: Garazi Alvarez