Asko dira heziketako eta neurozientzietako aurrerapen zientifikoen aplikazio desegokiak hainbat herritako ikastetxeetan, baina, munduan ere asko dira horren aurka altxatzen ari diren ikertzaileak eta erakundeak. Gure ikastetxeak ez dira salbuespenak eta, hainbat arrazoirengatik, neuromito batzuen eraginez, jardunbide desegoki batzuk hedatu dira.
Marta Ferrero irakaslearen arabera, mito mota horren inbasioak neurozientzialarien eta eskolaren arteko kolaboraziorik ezean du jatorria, baita irakasleek duten prestakuntza zientifiko urrian ere.
Jardunbide desegoki horiei aurre egiteko asmoz, herri batzuetan, Erresuma Batuan, adibidez, heziketa-metodologien kalifikaziorako organismoak sortu dituzte. Ferrero andrearen iritziz, oso garrantzitsua da horrelako organismo bat izatea Estatu Espainolean, sisteman dauden arazoak antzemateko.
Marta Solé ikertzailearen iritziz, neuromito bat identifikatzeko eta maskara kentzeko nahikoa da galdera sinple bat egitea: “eta hori non dago argitaratuta?”. Heziketaren hobekuntzak oihartzun handiko artikulu zientifikoetan jasota daude, eta horiek komunitate zientifikoaren bermea daukate.
Hona hemen, neuromitoetan oinarrituta, indarrean dauden jardunbide desegoki batzuk:
-
Burmuin-hemisferioen arteko oposizioan oinarrituta, ikasleen ikasteko estiloetara egokitzea. Aspalditik neurozientziak egiaztatu du trebetasun kognitiboak ateratzen direla garunaren hainbat gunetan banatutako prozesatze-mekanismo askoren arteko interakziotik.
-
Era berean, hemisferioen arteko oposizioaren teoriari jarraituz, ikastetxe batzuetan, “gurutzatutako lateralitatea” zuzentzeko lan egiten dute, etorkizunean ikasleen eskola-arrakastarik ezean eragina izango balu bezala.
-
Buruko entrenamenduko jokoak praktikatzea. Trebe bihurtzen dira joko horietan, baina lortutako abilezia horiek ez dira transferitzen.
-
Estimulazio goiztiarreko jardunbide desegokiak egitea: Glenn Doman metodoa erabiltzea, edo ariketa fisikoko sail bat modu intentsiboan egitea umeen garunaren eremu batzuk estimulatzeko.
-
Berme zientifikorik ez duen Alfred Tomatis otorrino frantziarrari jarraituz, entzungailuen bidez garuna estimulatzea.
-
Estresa txarra delakoan, haur hezkuntzako ikasleak denbora gehiena jolasten egotea, nahiz eta ikerketa zientifikoek esaten duten errepikapena eta entrenamendua ezinbestekoak direla ikasketa instrumentaletan.
-
Eta bukatzeko, aipatu behar da ikastetxe batzuetan, oinarri zientifikorik gabe, ume txikiak libre uzten dituztela era intuitiboan beren kontura irakurtzen eta idazten ikas dezaten.
Egilea: Luisamari Puertas