Sarritan entzuten dugu maitasun-harremanetan erromantikotasunak emakumeak hiltzen dituela; ondorioz, genero-indarkeria gutxitzeko maitasun erromantikoaren aurkako prebentzio-programak proposatzen dira bigarren hezkuntzan eta lehen hezkuntzan, eta maitasun erromantikoarekin zerikusia duen guztia (printzeak, printzesak, ipuin klasikoak) ezkutatu egiten da umeak ez “kutsatzeko”. Berme zientifikorik gabeko prebentzioak dira horiek. Serio jarriko naiz: iruzurrez osatutako pilulek sufrimendua besterik ez dute ekartzen.
Historian beste inoiz baino gehiago, orain emakumeen aurkako indarkeriaren ardura dugu. Bada garaia erronka horretan hoberen funtzionatzen duten tratamenduak ezagutzeko; bestela, egindako indarra ezerezean geratzeko arriskua dago. Azkenean, tresna okerrak erabiliz gero, patriarkatuaren kontra egin beharrean, indartu egingo genuke nahi gabe.
Oraingo honetan, “The Co-Occurrence of Physical and Cyber Dating Violence and Bullying Among Teens” artikuluari buruz berba egitera natorkizue. Dating Violence delako hori gazteen hitzorduen inguruko biolentzia-fenomenoa da, eta, ondorioztatzen den bezala, bullyingarekin lotura sendoa du. Bullyinga egitera ohituta dauden gazteek hitzorduetan ere biolentzia erabiltzeko probabilitate bikoitza dutela diote datuek. Bullying motaren arabera, deigarria da cyberbullyinga egiten duten jazarleen erdiek hitzordu erromantikoetan ere bortizki jokatzen dutela. Bestalde, bullyingaren biktima izan den norbait hitzorduetan ere biktima izateko probabilitate handia dagoela erakusten da artikuluan. Logika horri jarraituz, eskolako bullying fenomenoan inplikaturik ez dauden gazteek harreman afektibo osasuntsuak mantentzeko joera dutela frogatzen da.
Zein ondorio atera dezakegu hortik?
Irakasle gisa, genero-indarkeria gutxitzeko ahaleginetan, lehenik eta behin, maitasun erromantikoa kritikatu beharrean, ikastetxeetako berdinen arteko bortizkeria-maila gutxitu behar dugula argi geratzen da. Izan ere, artikuluko datuen arabera, espero izateko modukoa da, eskola-jazarpenagatik biktima gutxiago baditugu, genero-indarkeriaren biktima gutxiago ere izango ditugula. Zergatik? Gazteen artean berdinen arteko harreman osasuntsuak sustatzen baditugu, euren etorkizuneko harreman afektibo-sexualetan ere eragin zuzena izango duelako.
Horretarako, Green Dots eta Ausarten Kluba bezalako “bystander intervention“ motako jarduerak dira orain arte emaitza onenak eman dituztenak, jazarpen mota guztiak murrizten direlako, babes- eta adiskidetasun-sare sendoak sortzen direlako eta erasotzaileen erakargarritasuna gutxitzen delako.
Egilea: Gontzal Uriarte