2019ko urtarrilean, “L’educaciódelsinfants de 0 a 3 anys i la necessàriaequitat” (Dokumentu markoa. 0-3 urteko umeen hezkuntza eta beharrezko ekitatea) izeneko txostena Balearretako Legebiltzarrean aurkeztu eta aho batez onartu zuten. Txostenak, datu zehatzez gain, hainbat hausnarketa, gogoeta, gomendio eta proposamen biltzen ditu.
Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordeak horrela aginduta, haur-eskoletako eta unibertsitateko irakaslez, zuzendariz eta zenbait erakunderen kidez osatutako batzorde teknikoa egin zen 2018ko maiatzean, eta, koordinatzaile baten laguntzarekin, bost ataletan egituratzen den 144 orriko dokumentua osatu dute.
Bertan lantzen diren gaiak anitzak eta esparru ezberdinetakoak dira, denak garrantzitsuak: egoerari buruzko datuak eta azterketak; adin horretako hezkuntzaren garrantzia; familien laguntza; profesionalen etengabeko prestakuntza; genero-hezkuntza; tratu txarrak eta sexu-gehikeriak prebenitzea eta detektatzea… eta Ekintza Plana aurrera eramateko behar diren lege-aldaketak, giza baliabideak, materialak eta abar. Nabarmentzekoak dira aniztasunari erantzuteko egiten diren proposamenak eta, bereziki, ekitateari egindako erreferentzia, baita egoera ahulenetan dauden umeen eta beren senitarteen beharrei erantzuteko aipatzen diren baliabideak ere.
Bukatzeko eta haur eskolaren garrantzia azpimarratzeko, txostenak sei ondorio oso garrantzitsu azaltzen ditu:
-
Senitarteen egoerak, beharrak… izan behar dira hezkuntza-politikaren lehenengo helburua, ume guztiek txiki-txikitatik eskolara joan behar ez badute ere, guztiak jaiotzen direnetik hezi behar baitira.
-
Parlamentuko indar politiko guztien arteko akordio iraunkorra behar-beharrezkoa da, instituzio guztiek norabide berean lan egiteko, nahiz eta gobernu-aldaketak egon.
-
Hezkuntza-akordio orokorra ez bada lortzen, gai zehatz batzuei buruzkoa egin behar da.
-
0-3 urteko umeen hezkuntza-politikak garatzea Institut per a l’Educació de la Primera Infància delakoari dagokio, eta garrantzitsua da haren profesionalak ez aldatzea aldaketa politikoen arabera. Era berean, Espainiako Gobernuaren inplikazioa behar da adin horretako umeen hezkuntzan.
-
Txostenaren proposamen guztiak, Gobernuak,Parlamentuak, familiek, profesionalek eta hiritar guztiek ondo dakiten moduan, berehala lehenetsi, planifikatu eta martxan jarri behar dira.
-
Parlamentuak, aho batez, premiazkoenak diren ekitate-neurriak bideratzeko, aurrekontuak onartu ditu.
Azpimarratzekoa da esparru anitzetako arduradunen esfortzua eta Balearretako instituzioetan egon den eztabaida, inplikazioa eta akordioa. Jorratutako bide eredugarri horretan, argi utzi dute ezinbestekoa dela definitzea nolako gizartea eraiki nahi den eta, horren arabera, bai haurrei bai gurasoei hezkuntza-eskaintza egitea.
Egilea: Cristina Elorza