Umeek eta nerabeek izaten dituzten harreman guztiek eragin handia daukate beren bizitzan. Familia-harremanek eragin nabarmena dute bai bizitzan, bai osasunean.
Northwestern Unibertsitateko Edith Chen-ek eta Gregory E. Miller-ek eta Georgiako Unibertsitateko Gene H. Brody-k egin zuten ikerketaren arabera, gertuko familia-harremanek gutxitu egin dezakete haurtzaroan bizitako zoritxarrek epe luzera osasunean duten eragina. Zoritxar horien artean daude gurasoen abusu fisikoa, sexuala edo emozionala, gurasoen buruko gaitzak edo substantzien abusua. Zoritxar horiek estresa sortzen dute umeengan, eta azken horrek gaixotasun kardiobaskularrak, autoimmuneak edota arnasketarekin lotutakoak izateko arriskua handitzen du. Era berean, emozioak eta jarrera erregulatzeko arazoak ere sor ditzake.
Fenomeno hori azaltzeko, estresaren moteltzearen eboluzio-eredua erabiltzen da, zeinak honako hau proposatzen duen: gurasoen laguntza eta jarrera, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkak eta betebeharrak erabakigarriak dira estresa pairatzeko. Ezaugarri horiek haurtzaroan eta nerabezaroan ez dira modu berean agertzen, aldatu egiten dira umeen beharrizanekin batera. Hala ere, batzuk mantendu egin daitezke. Garrantzitsuena da faktore horien arabera izango direla familia-harremanak lagungarriak ala ez. Alderdi positiboen eta negatiboen arteko oreka aurkituz, familia-harremanek umeen estresa gutxitzen lagunduko dute.
Laburbilduz, familia-harremanek eragin handia daukate umeen eta nerabeen bizitzan eta estresak sor ditzakeen osasun-arazoetan. Beraz, oso garrantzitsua da gertuko erlazio positiboa mantentzea estresa gutxitzeko eta umeen epe luzerako osasunean ondorio larriak ez izateko.
Egilea: Iratxe Sanchez Peña