Ijito Herriaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela eta, Europako Batzordeak adierazpen bat egin du, eta argi eta garbi azaldu du egoera: Europan ijitoen kontrako gorrotoa handitzen ari da, muturreko diskurtsoen lekuko izaten ari gara, politikarienak barne, eta gorroto-diskurtsoen eta -sarearen bidez berri faltsuak hedatzen ari dira.
Parlamentarien gehiengoak onartutako eta Frans Timmermans-ek, organismo horren lehen presidenteordeak, aurkeztutako testuaren arabera, ijitoak dira EBko gutxiengo nagusia, sei milioi baitira, eta Balkanetako gainerako herrietan eta Turkian beste lau milioi bizi dira. Hala ere, aspalditik, desparekotasunei, baztertze sozialari eta bazterketari aurre egin behar diete.
Diskriminazio eta bazterketa orokor horiek eragotzi egiten dute zenbait oinarrizko eskubide baliatzea, hala nola hezkuntza, enplegua, etxebizitza duina edo osasun-zerbitzuak. Bruselak herriak behartzen ditu “diskriminazioaren kontrako borroka indartzera, eta Rom Herriaren parte-hartzea eta ordezkaritza sostengatzera”. Horretarako, estatu kideei ijitoen integrazioa bideratzeko konpromisoa eskatzen die, eta EBren egiturazko funtsak aprobetxatzea haien bizi-baldintzak hobetzeko.
Halaber, herrialdeetan ijitoen integrazioa bermatzeko, Europako Batzordeak kideei eskatzen die, nazio-estrategiak gidatzen dituen egungo Europako Esparrua bukatzen denean, 2020an, helburu argi eta lotesleak ezartzeko.
Nazio-estrategien ebaluazio partzialaren datuen arabera, eskola-datuak oso astiro ari dira hobetzen, eta oraindik ez dute inpakturik lan-munduan; oraindik ere lanik ez duten eta ikasten ez duten gazte ijitoen kopurua handia da. Egoera horri aurre egiteko, hau da, ikasle ijitoen eskola-arrakasta eta elkarbizitza aberatsa lortzeko, guztion konpromisoa da behar-beharrezkoa: Hezkuntza Sailarena, irakasleena, erakundeena, familiena, ikasleena… Guztion konpromisoa behar-beharrezkoa da, oraindik kontu asko baititugu gainditzeko: hezkuntza-komunitatean eta unibertsitatean ere oraindik itxaropen txikiak daude, aurreiritziak eta estereotipoak ikusten ditugu nonahi, ijitoen kulturak ikusezina izaten jarraitzen du… Dena den, gizartearen erronka horri aurre egiteko, argi izan behar dugu edozein proposamenek ez duela balio, bide onenak jorratu behar ditugu, eta horretarako zientzia-ebidentzietan oinarritu behar dugu.
Egilea: Luisa Mari Puertas