Nerabezaroa aro kritikoa da pertsonen garapenean, aldaketaz beteriko garaia baita. Aldaketa horiei aurre egiteko erabiltzen den ikuspegia erabakigarria da. Sinesten dugunak asko baldintzatuko du gure erantzuna.
Columbia Unibertsitateko L. S. Blackwell-ek eta Stanford Unibertsitateko K.H. Trzesniewski-k eta C.S. Dweck-ek ikasleen motibazioari laguntzen dioten faktoreak zeintzuk diren ulertzeko ikerketa egin zuten, 12-14 urteko nerabeekin. Ikasleen matematikako lorpenetan adimenaren teorien rola aztertu zuten, besteak beste.
Adimenari buruzko bi teoria bereiz ditzakegu. Alde batetik, entitatearen teoriak adimena entitate aldaezina dela dio. Bestetik, hazkundearen teoriak adimena gaitasun aldakorra dela dio. Teoria horietako bakoitzak baldintzatu egiten ditu ikasleen erantzunak, eta, ondorioz, teoria bat edo bestea erabiltzen denean, ikasleek desberdin egiten diete aurre erronka akademikoei.
Lehenik, hainbat motibazio proba egin zizkieten eta, aldi berean, matematika-arloan ateratako notak aztertu zituzten. Emaitzetan ikusi zuten motibazio handiagoa zeukatela adimena aldakorra zela sinesten zuten ikasleek, eta, beraz, nota hobeak lortu zituztela. Adimena aldaezina zela sinesten zutenei kontrakoa gertatu zitzaien. Hortaz, adimenaren teoriari buruzko sinesmenek motibazioan eragina daukatela frogatu zuten.
Emaitza horiek ikusita, ikerketaren hurrengo fasean esku-hartze jakin baten eragina aztertu zuten. Talde bakarra hartu eta bitan banatu zuten. Bi taldeetan ia eduki berdinak azaldu ziren, baina talde esperimentalak hazkundearen teoria zeharka landu zuen eta kontrol-taldeak ez, adimena aldaezina den teoriari jarraikiz. Horren ondorioz, esku-hartzearen amaieran, talde esperimentalaren matematikako emaitzak hobetu zirela ikusi zuten. Kontrol-taldean, berriz, emaitzek txarrera egin zuten.
Ikerketan ez dira kontuan hartu pertsonen arrakastan eta motibazioan eragina duten beste zenbait faktore. Baina aztertutakoaren arabera, ondoriozta dezakegu adimena garatzeko ahalmenean arreta jartzeak motibazioa areagotzen duela, desberdintasunetan arreta jartzeak baino gehiago, eta, beraz, arrakasta akademikoa handiagotzen dela.
Egilea: Iratxe Sànchez Peña