Maiatzaren 20an, 21ean eta 22an egingo da Pint of Science Festival munduko 24 herrialdetako hirietan, aldi berean. Aurreko edizioetan bezala, nazioarteko ekitaldi horrek azken ikerketa zientifikoei buruzko hitzaldi interesgarri, dibertigarri eta garrantzitsuak antolatzen ditu, publikoarentzat eskuragarria den formatuan, giro lasaian, eta hori dena tabernetan.
Hizketaldien gaiak 6 bloke nagusitan daude antolatuta: Buru zoragarria: neurozientziak, psikologia, psikiatria; Atomoetatik galaxietara: kimika, fisika, matematikak, astronomia; Gure gorputza: giza biologia eta osasuna; Lur planeta: lurraren zientziak, bilakaera, zoologia; Tech me out!: teknologia eta ordenagailuak; eta Gure gizartea: zuzenbidea, historia, politika.
Antolakuntza irabazi-asmorik gabeko pertsonek osatzen dute, eta ikertzailerik puntakoenak gonbidatzen ditu egun horietan haien ezaguerak parteka ditzaten lokal kolaboratzaileetara hurbildu nahi duen pertsona guztiekin. Gure ingurune hurbilenean, honako hauek dira lokalak: Bilbon, Hika Ateneoa, Dock, Antzokia eta La Ribera Bilbao; Donostian, Kripta-Convent Garden, Alboka Bar, Altxerri Bar eta Dabadaba; Gasteizen, Birjina Zuria eta Abisinia; eta Iruñean, Chester Gastrobar eta Zentral.
Hizketaldi horien tituluak anitzak bezain iradokitzaileak dira: Medikuntza alternatiboko mundu eroa; Ageing On: zahartze osasungarria eta bizigarria; Txakolinaren dinamismoa; Osasuna, jasangarritasuna eta gure elikagaien etika; Nire etxea vintagea da; Tronu-jokoa: garaituz petrolio zurira; Adimena eta enpatia; Bai, humanitateak zientzia dira! (eta beharrezkoak); Mikrouhinak eta sateliteak, ez dugu labeez bakarrik hitz egiten!; Zergatik ezin duzu erosi Vito Volkswagen bat?; Kokapen-adimena: eskerrik asko zauden tokian guri jakiten uzteagatik; Badia, galaxiak eta koloreak; Gen jauzilarietatik giza garuneraino…
Aipatutako hitzaldi batzuen arduradunak UPV/EHUko hainbat taldetako ikertzaileak dira (National de la Recherche Scientifique, UPV/EHU-Ikerbasque, UPV/EHU-Ageing On Taldea, Biofisika Institutua UPV/EHU-CSIC…), eta Nafarroako Unibertsitatekoak eta beste erakunde nahiz enpresa batzuetakoak ere badaude: S.L Ardoatek, Achucarro Basque Center for Neuroscience, energiGUNE CIC, Iruñeko Planetarioa eta abar.
Pint of Science jaialdiaren lehen edizioa 2013ko maiatzean egin zen. “Meet the Researchers” (Ikertzaileak ezagutu) ekitalditik hartu zuten ideia. Bertan, laborategi batek gaixotasunak zituzten pertsona batzuk eta gaixotasun horiek ikertzen ari ziren lagunak bildu zituen. Hori ikusita, Pint of Science-ren sortzaileek hauxe pentsatu zuten: jendea laborategietara hurbildu bada zientzialariak ezagutzeko, zergatik ez ditugu eramango zientzialariak jendea gustura dagoen tokietara? Eta horrela, datorren astean, ikertzaile asko gure hiriburuetako tabernetara hurbilduko dira euren aurkikuntza zientifikoak partekatzera, trago baten laguntzaz! Zientziaren alde, topa egin dezagun!
Egilea: Luisa Mari Puertas