Aissak Down sindromea du, eta, Morokon hamaika urte eskolatik kanpo eman ondoren, beste bi Alemaniako heziketa bereziko eskola batean eman zituen. “Ja, ja” (“bai, bai” alemanieraz) zen Aissak esaten zuen gauza bakarra Zalla BHIra iritsi zenean, joan den ikasturtean.  

Irakasleek, hasieran, harriduraz eta urduritasunez erreakzionatu zuten. Zer egin dezakegu harekin ikasgelan? Ez zen gauza bera gertatu ikasleen artean, gehienek berotasunez hartu baitzuten, lehenengo momentutik.

Aissa berehala hasi zen hezkuntza-jarduera guztietan parte hartzen. Laster trebatu zen esparru akademikoan eta sozialean autoerregulatzen, testuinguru guztietan: eskola magistraletan, solasaldi literario dialogikoetan, talde elkarreragileetan, teknologia tailerrean edota laborategiko praktiketan. PTrekin bakarkako lana egiteko astean bi saio antolatzen ditugu, eta hezkuntza-laguntzako espezialistarekin egunero biltzen da jangelan lanean jarraitzeko. Asteazkenero, komunitate-mailan elkarrekintza-gaitasunak eta autonomia lantzen ditu merkatuan eta eskolaren gertuko ingurunean.

BI Ikasturte hauetan zenbait gertakizun berezi izan ditugu. Eskolara etorri zen lehenengo egunean, adibidez, bere gelan eman zuen denbora osoa, eta kide batek bere ondoan esertzera gonbidatu zuen: “hemen eser daiteke, nire ondoan”. Egun, lagun minak dira.  Lehenengo asteetatik, haren alaitasuna azpimarratuko genuke, ikaskideekin une oro egoteko desioa. Beste ikasleek egiten zuten guztia imitatzen zuen Aissak: keinuak, azterketak edota ingeleseko errezeta baten grabaketa! PTk hitz egiten zuen bitartean, bera janaria prestatzen ari zen… Zelako poza haren bideoa ikusi genuenean!

Beste memento garrantzitsu bat haren tableta heldu zenekoa izan zen. Piktogramen laguntzaz, ikaskideen, irakasleen, bedelen nahiz idazkarien izen guztiak ikasi zituen. Ikastetxeko espazioak ateetan jarritako piktogramen laguntzaz dakizki, gaur egun ere mantentzen ditugunak.

Oso berezia izan zen Sukarrieta Barnetegian pasatu genuen astea, Jagon proiektuaren barnean. Bertan, DBHko 2. mailako ikasleekin jarduera guztietan parte hartu zuen, eta minutu bakoitzarekin gozatu zuen: eskolekin, bideoarekin, batzarrekin eta, noski, gela barneko giro onarekin eta diskotekarekin.

Urte hauek etengabeko ikaskuntza-ibilbidea izan dira Aissarentzat, eta guztiok geneukan itxaropena gainditu du. Irakurketa-idazketa prozesuan hasi da, ingelesez eta euskaraz zenbatzen ikasi du, baita batuketak eta kenketak egiten, teknologian zura mozten eta neurriak kontrolatzen, ordenagailuan klabea sartzen eta erabiltzen, eta ikaskideekin ederki komunikatzen ere. Euskal dantzak dantzatzen ikasi du asteazkenetako atsedenaldietan, eta partxisean, dominoan, futbolinean, futbolean eta saskibaloian jokatzen du gainerakoetan. Ia ikaskide guztiekin ditu harreman bikainak, eta bere burua defendatzen daki, ondo tratatzen ez dutenei EZETZ esaten baitie.

Oso erreza da Aissa espazio eta momentu guztietan sartzea. Bere aldetik dena jartzen du, momentu bakoitzaz gozatzeko duen ahalmena erantsi ohi digu eta ikasteko gogo handia du; era berean, haren ikaskideek laguntzen diote eta gidatzen dute. Ordenagailuarekin izan dituen aurrerapausoek, aplikazio egokien bidez, haren ikaskuntza instrumentalak garatzea ahalbidetuko dute hurrengo ikasturteetan, hori bai, betiere gainerako ikaskideekin gelan egonda.

Gelakideek, eurek ere, berarekin asko ikasi dutela kontatu digute. Honelakoak  adierazi dituzte: “Pertsona guztiak errespetatu behar dira, berdin da nongoak diren edo arazoak dituzten, eta arazoak dituen pertsona batek primeran ikas dezake nahi duena denbora hartzen badu; halaber, munduan jende mordoa dago  horrelako pertsonekiko errespeturik ez duena, baina pilo bat dago pertsona hori babesten duena”; “Pertsonak hobeto balioesten ikasi dut, geu beti kexaka ari gara gure gorputzeko atalen bat gustatzen ez bazaigu, eta bera beti dago alai”; “Down sindromearekiko aurreiritziak galdu ditut”.

Honela laburtzen du ikasitakoa lehen egunean lekua eskaini zion ikaskideak:  errespetua, elkarri laguntzea eta elkarrekin barre egitea.

Egileak: Begoña Los Santos eta Mirari Arizti 

Mirari_Arizti
Begpña_zalla