Azken 25 urteetan, musika-arloan, gaur egungo populazioan eta musikazaletasunean egon diren aldaketei erantzuna ematen hasi zaie. 80ko hamarkadatik, musika-programa kultur-aniztunak gero eta gehiago hedatu ziren mendebaldeko herrietan. Hortik aurrera, hainbat ebidentzia zientifiko aurkitu dira horren onuren inguruan. Izan ere, musikari buruzko ikuspen globala izateak kultura-kontzientziazioa eta ulermena handiagotu omen du, baita arraza ezberdinen arteko erlazioak hobetu ere.
Hala ere, irakasleek musika-programa multikulturalak aurrera eramateko hainbat arazo aurkitu dituzte, hala nola baliabiderik eza, laguntza administratiboaren falta, zabaltasunaren eta sakontasunaren artean aukeratu behar izatea eta benetakotasunarekin eta tradizioarekin lotutako gaiak. Ildo horretatik, Singapore International Schools: Best practice in culturally diverse music education lanean musika-programetan kultura-aniztasunak daukan garrantzia aztertu da, Singapur eta Brisbane-ko Lehen Hezkuntzako eskoletan.
Ikerketa aurrera eramateko, bost Nazioarteko Eskoletako musikako 10 irakasle elkarrizketatu ziren. Eskola horietan, izatez, kulturaren aldetik anitzak diren ikasleak izan ohi dituzte; adibidez, horietako lautan, 50 nazionalitatetako ikasleak dituzte.
Elkarrizketak egin eta gero, egiaztatu zen aztertutako eskoletako ikasleek kultura askotako musika ezagutzeko aukera zutela, Nazioarteko Eskolen ezaugarriekin lotuta dagoena. Izan ere, ikasgelan kultura-aniztasuna goraipatzen zenez, musika-eskolan aniztasuna egotea ondorio naturaltzat ikusten zuten. Gainera, irakasleen arabera, egoera hori ahalbidetzen duena zuzendaritza-taldearen, gurasoen eta ikasleen aldetik jasotzen zuten laguntza eta baliabideak dira. Askotariko musika motak ikasgelan sartzearen arrazoi nagusiak kultura-ongizatea, errespetua, ulermena eta esposizioa ziren.
Hainbat ikerketak erakutsi dute irakasleek ahalmena dutela euren ikasleek hainbat musika mota ikusten dituzten moduan eragiteko. Musika mota gutxi irakasteak eta nagusia dena bakarrik ezagutarazteak alborapen kulturala transmiti dezake, eta haien komunitateko musika ezberdinen arteko parekotasuna ikustea ekiditen die.
Egilea: Ane Lopez de Aguileta