Irlandan eta Frantzian egindako ikerketa batean ikusi da, beste ikerketa batzuetan adierazten den moduan, eskola-jazarpena edo bullyinga ohiko arazoa dela ume eta gazteen artean. Horrez gain, hezkuntza premia bereziak dituzten umeek jazarpen gehiago pairatzen dutela erakusten du ikerketak.
Gainera, hausnartu den moduan, jazarpenaren biktima diren ume gehienek sostengu sozial txikiagoa izaten dute, esaterako, haien harreman pertsonalak eskasagoak izaten dira, bai kopuruari, bai kalitateari dagokionez. Esan bezala, hori areagotu egiten da hezkuntza premia bereziak dituzten umeen artean. Jazarpena pairatzeko arriskua ere handitu egiten da ikasle horiek jarduera sozialetan parte hartzen ez dutenean.Halaber, ikerketa horretan ikusi da euren gurasoekin harreman edo komunikazio txikiagoa izaten dutela.
Herrialde askotan uste da hezkuntza premia bereziak dituzten umeak ohiko ikastaldeetan sartzea nahikoa dela onar ditzaten eta integra daitezen. Ikerketa horrek erakutsi du hori ez dela nahikoa. Egin den bi herrialde horietan hezkuntza premia bereziak dituzten umeentzako zerbitzu asko eskaintzen dira, baina horrek ez du esan nahi hezkuntza inklusiboa lortzen denik; inklusioaren esanahia edo zentzua oraindik oso kontzeptu berria da bi herrialdeetan.
Umeek edo gazteek, jazarpenaren biktima izatearen ondorioz,segurtasun-falta izaten dute, baita beste sintoma batzuk ere, besteak beste, antsietatea, etsipena, bakartasuna edo zoriontasun-falta. Horrez gain, beste ikerketa batzuen arabera, jazarpena pairatzen duten umeek, helduak direnean, osasun txarragoa izateko probabilitate handiagoa dute.
Hori guztia dela eta, etorkizuneko jazarpenaren prebentzio- eta interbentzio-programei begira, hezkuntza premia bereziak dituzten umeak kontuan izatea beharrezkoa izango da, ikusi den bezala, ikasle horiek jazarpena pairatzeko probabilitate gehiago dutelako. Programa horietan oso garrantzitsua izango da ikasle horien esparru soziala nolakoa den ezagutzea, kontrolatzea eta lantzea, estrategiak eskainiz eta adiskidetasun positiboa bultzatuz, zeren eta, lehen esan bezala, horrek eragin handia izan baitezake jazarpenetik babesteko eta biktimizazioa saihesteko.
Egilea: Carlota Oteo