Nola ikasten da irakurtzen? Hainbat urtez luzatu da eztabaida, baina ikerketa zientifikoak argitu du auzia. Irakurtzen ikasten hasteko modurik eraginkorrena hurbilpen fonetikoa da: letren eta soinuen arteko harremana esplizituki irakastea da onena, Haur Hezkuntzan hasita. Horretarako badaude haurrak gogo onez hartuko dituzten bideak. Lehengo asteko KAIERAko artikulu batean azaldu genuen hori, 2018an Anne Castle, Kathleen Rastle eta Kate Nation-ek argitaratu zuten artikulua oinarri hartuta.
Baina kontuz! Irakurtzea oso jarduera konplexua da. Castle, Rastle eta Nationek argi uzten dute hori. Ikaskuntza-prozesuaren hasieran, helburua letrak eta soinuak lotzea den arren, gero, irakurle hasiberria izatetik irakurle trebatua izatera pasatu ahal izateko, gakoa ez da haur bakoitzaren gaitasuna, baizik eta haurrak letra idatziarekin daukan esperientzia zenbateraino den anitza, aberatsa eta intentsitate handikoa. Haurrak gero eta hobeto ezagutuko ditu zenbait hitz, eta ondoen ezagutzen dituen hitzekin ez du prozesu fonetikotik pasatu beharko, ez du deskodetze fonetikorik egin beharko. Hitza ikuste hutsarekin identifikatuko du. Horri esker, hainbat baliabide kognitibo askatuko ditu, eta errazagoa izango da hitzaren esanahiari erreparatzea. Idatzizkoarekin daukan hartu-emana handitu ahala, gehiago garatuko du hitzak bere osotasunean identifikatzeko gaitasuna. Prozesu hori lehenago hasteak erraztu egiten du ikaskuntza.
Hitz guztiak banaka irakasteko asmoa ez da zentzuzkoa. Haurtzaro erditik aurrera umeak urtero 3.000 hitz ikasten ditu. Horregatik, deskodetze fonetikoak bere lana egiten jarraitzen du. Irakurle trebatuenek ere konbinatzen dituzte hitz batzuekin deskodetze fonetikoa eta beste batzuekin hitza bere osotasunean identifikatzea.
Ahal bezainbeste hitzekiko hartu-emana eta ahal bezainbesteko maiztasunez izan behar dute haurrek. Irakurtzeko gogoa piztea funtsezkoa da, zeren motibatuta dagoen haurrak irakurtzen baitu gehien, eta esperientzia horrek ematen baitio gehiago ikasteko bidea. Eta ikasteko gogoa pizteko oinarri sendoena irakurtzeko trebezia areagotzea da. Trebeagoa den haurrak motibazio handiagoa izango du. Horregatik, irakasleon esku-hartzeak bermatu egin behar du haurrak oinarrizko irakurtze-trebeziak garatzea eta bere burua irakurle gisa eroso identifikatzea.
Baina kontuz! Hitzak banaka irakurtzea ere ez da nahikoa testua ulertzeko. Irakurri ahala, testuak adierazten duenaren irudikapen mentala eraiki behar du irakurleak. Testuko eta testuinguruko informazioa uztartu behar ditu. Hitzak eta esaldiak deskodetzea baino askoz gehiago da irakurtzea. Hainbat prozesu linguistiko eta kognitibo integratzen dira irakurtzen dugunean. Zenbat eta ezagutza handiagoa (munduarena, testuinguruarena, ahozko hizkuntzarena, ortografikoa, lexikoa, gramatikala, sintaktikoa…) eta hori guztia prozesatzeko gaitasun handiagoa, orduan eta handiagoak izango dira irakurle trebe izateko aukerak. Hori guztia lantzeko gakoa irakurketarekiko esperientzia ahal bezain aberatsa eskaintzea da.
Txikitatik ahozko hizkuntza ondo lantzea da abiapuntu eraginkorrena irakurketa-ulermena fundamentuz garatu ahal izateko. Beraz, buru-belarri ekin beharko litzaioke ahozko hizkuntza lantzeari. Horrez gain, funtsezkoa da zenbait abileziaren trebakuntza esplizitua eta interakziorako aukerak eraginkortasunez eskaintzea.
Irakurtzen ikasteko prozesua oso erronka handia da. Irakasleon esku-hartzea ezinbestekoa da ikaskuntza arrakastatsua izan dadin. Haurrek irakurtzen nola ikasten duten ondo eta zehatz ulertzen badugu, errazagoa izango da gure esku-hartzea eraginkorra izatea.
EGilea: Harkaitz Zubiri