P4K jaialdiak, Donostia International Physics Center-ek antolatzen duenak, ateak itxi ditu partaidetza-arrakasta eta kalitate handiarekin. Edizio honetan, Victoria Eugenia Antzokian, Guggenheim Museoan eta, lehen aldiz, Iruñeko Baluarten, aukera egon da Hitzaldi Nagusietan astrofisika, software ingeniaritza, fisika kuantikoa, neurozientzia, botanika eta biomedikuntza bezalako gaietara hurbiltzeko, baita Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtean, Elhuyar anaiek 1783an isolatutako wolframio elementua Bergaran omentzeko ere, besteak beste.
Esku-hartze horiek guztiak azken urteotako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetarikoen protagonista izan diren ikertzaile handien esku egon dira (6 nobel saridunenak barne), baita Pasion Naukas-en esku ere; azken horiek, ebidentzia zientifikoak aldera utzi gabe, piperra eta gatza erantsi dizkiote jaialdiari. Bestalde, Donostian arterako eta kulturarako lekua egon da, bertsolaritza eta Creativium sailen bidez.
Adin desberdineko ikasleei dagokienez, parte har zezaketen hainbat proiekturen sarrerak ere agortu dira; eta, aurreko urteetan bezala, Passion for Knowledge 2019 jaialdiko jardueren artean ez dira falta izan top@DIPC – Zientziarekin solasean! Nobel saridun zein puntako ikertzaileen eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen arteko topaketak. Topaketa horien helburu nagusia da, hain zuzen, Euskal Herriko ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoa sustatzea eta ezagutzarekiko pasioa piztea.
Pedro Miguel ETXENIKE aritu da moderatzailelanetan, eta bi saio egin dira. Donostian (Eureka Museoan) honako hauek izan dira ikertzaile gonbidatuak: Dame Jocelyn BELL BURNELL astrofisikaria, Jean Pierre SAUVAGE kimikaria (2016ko Kimikako Nobel Saria) eta Ignacio CIRAC. Bestalde, Bilbon honako hauek aritu dira: Albert FERT fisikaria (2007ko Fisikako Nobel Saria), María MARTINÓN paleoantropologoa eta Cristopher ROSSEL zientzialaria. Aurreko edizioetan bezala, ikasleek aukera izan dute zientzialariekin zientziarekiko eta ikerketarekiko pasioari buruz eta beren bizipenei eta ibilbide profesionalean bildutako esperientziari buruz berba egiteko. Ikasleen aurpegiek ilusio ikaragarria erakusten zuten.
Urriaren 5ean, larunbatean, Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan, gazteenek Passion Txiki saioan parte-hartzeko aukera izan dute. Bertan, 4 urtetik 12 urtera arteko neska-mutil pila bat, familiarekin batera eta euskaraz, Life Scientific-en gustura murgildu da, ikuskizuna hainbat jarduera zientifiko dibertigarriz, esperimentutailerrez, ipuin kontalari zientifikoz, jolasez eta abarrez baitago osatuta. Zientziajaialdi txiki hori Elhuyar Fundazioaren zientziakomunikatzailea den Ana Galarraga Aiestaranek zuzendu du arrakasta handiz.
Passion for Knowledge 2019 jaialdiko egitarauaren barruan, komunitate zientifikoari eta, bereziki, doktoretza egiten ari diren ikasleei eta doktoretza ondorengo ikertzaile gazteei zuzendutako nazioarteko udako eskola ere eskaini da. Oraingo honetan, Dynapeutics deituriko eskoletan, bai eskola teorikoen bai praktikoen bidez, gazteek aukera izan dute biomolekulak ingurune biologikoetan aztertzeko eta simulatzeko metodo konputazionalen teoriaz eta aplikazioaz jarduteko.
10.000 lagun baino gehiagok parte hartu du aipatutako ekimenetan, eta gaztetxoen presentzia nabaria izan da. Ziur Donostia International Physics Center-erk, Pedro Miguel Etxenikeren gidaritzapean, jadanik abian jarri duela datorren urterako jaialdiaren prestaketa, zientziak dituen balio kultural, ekonomiko eta estetikoak guztiokin partekatzen jarraitzeko.
Egilea: Luisa Mari Puertas