Poztasun handiz jaso genuen aurtengo Ikas Komunitateen Nazioarteko VIII. Topaketa Iruñean izango delako berria. Azaroaren 16an Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko dira, hain zuzen ere, ilusioz beteriko hezkuntza-proiektu honetan murgilduta dauden hainbat partaide; ebidentzia zientifikoetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza inklusiboaren alde lanean ari diren irakasleak, ikasleak, gurasoak, boluntarioak, politikariak zein ikertzaileak elkartuko dira Iruñean, guztien hausnarketak eta aurrerapenak partekatzeko; hala, kide guztien elkarlanari esker, Ikas Komunitateen proiektua hobetuz eta indartuz doa.

Ildo horretatik, aipamen berezia merezi du Komunikas Nafarroako Ikas Komunitateen Sareak. Nafarroan jada hamahiru ikastetxe bihurtu dira Ikas Komunitate, eta gogotsu jaso dituzte eredu dialogikoaren oinarriak, gizartearen eta hezkuntzaren aldaketa sakona bideratzeko asmoarekin, ikerketa zientifikoan eta konpromiso etikoan oinarritzen dena. Hortaz, Komunikas sareak 2018an hartu zuen lekukoa Madrilen, eta aurtengo topaketaren sustatzaile nagusia da. Nabarmentzekoa da hain sare gazteak nazioarteko jardunaldiaren erantzukizuna hartzea: konpromiso eta adore handiaren seinalea da.

Topaketaren inaugurazioa Begoña Pérez Eransusen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreordearen, eta Susana Diego eta Aitor Etxarte Komunikas sareko ordezkarien esku egongo da. Aurkezpenaren ondoren, Rovira i Virgili Tarragonako Unibertsitateko Silvia Molinak azalduko du bere hitzaldian jarduera arrakastatsuen bitartez hezkuntza premia bereziko ikasleak barne hartu daitezkeela eta, hala, komunitatearen hezkuntza eta bizitza hobetzen direla. Halaber, Europar Batasuneko zenbait herrialderen hezkuntza-politikaren Jarduera Arrakastatsuen aldeko pausuak eta emaitzak azalduko dira.

Arratsaldean jarduera arrakastatsuoi buruzko tailerrak eta esperientzien aurkezpenak hasiko dira, parte-hartzaileen arteko elkarrizketak eta hausnarketa aberasgarriak pizteko asmoarekin. Trukaketa horren guztiaren helburua Ikas Komunitate proiektuaren oinarrietan sakontzea da, parte-hartzaileen eta proiektuaren beraren hezkuntza-praktikak hobetzeko eta aberasteko –betiere jarrera eta ikuspegi  zientifikoarekin-.

Bukatzeko, EHUko irakaslea den Harkaitz Zubirik itxiko du topaketa, hezkuntza eta gizartea hobetzeko ezinbestekoak diren maskulinitate alternatiboei buruzko hitzaldiarekin. Gai hori egun pil-pilean dago, eta hezkuntza-arloan elkarbizitza sendotzeko saihestezina da.

Topaketan parte hartzeko aukera irekia eta zabala da, ez baita ezinbestekoa irakaslea izatea; aitzitik, ikaskuntza dialogikoaren kutsua ezagutzeko eta barneratzeko une ezin hobea da. Halaber, bezperan hainbat tertulia dialogikotan parte hartzeko aukera egongo da, San Francisco Ikastetxean. Antonio Machadoren hitzak gogoratuz, jakintza transmitituko duten lankidetzazko elkarrizketetan parte hartzeko parada ederra izango da.

Egilea: Sonia del Barrio

Sonia_IMG_1521112794706-1