Nobel saridunak, Eric Kandel-ek, burmuinak dituen misterioak argira ekarri ditu bere azken liburuan: “Gogamenaren biologia berria”. Liburu horren hirugarren kapituluak depresioa aztertzen du, tabu bihurtu den gaitz horren nondik norakoak eta horiek gainditzeko dauden baliabideak azalduz.
Hasteko, gogo-aldarte jakin bat denbora luzean mantentzen bada, jarrera izatera pasatzen dela ulertu behar dugu. Burmuin-mailan, amigdala deritzon parteak emozioak koordinatzen ditu, eta horiek berebiziko garrantzia dute gure bizitzaren euskarri sendo bat direlako. Darwinek antzeman zuenez, emozioek pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzen zuten gizakiok hitzak erabili aurretiko garaian, eta ezaugarri hori beste ugaztun batzuekin partekatzen dugu. Gauzak horrela, emozioen gaitzak pertsonen emozioetan, oroitzapenetan, jarreretan eta usteetan eragina duten gaixotasunak dira. Horien artean depresioa dago.
Depresioa duten pertsonek luzaro mantentzen den tristetasun-sentsazioa dute, itxaropen eza edota ezintasuna ere bai. Sentsazio horiek eragin suntsitzailea dute depresioa pairatzen duten pertsonengan, beste pertsona batzuekin egotea ere ekiditen baitute. Depresioa sendatzeko tratamenduak garatzea lehentasuna da nazioartean, izan ere, depresioak lotura estua du suizidioekin.
Bi motatako tratamenduak daude depresioari aurre egiteko: farmakoak eta psikoterapia. Farmakoen artean, prozac deritzon botikak emaitza eraginkorrak ditu, baina bizpahiru aste behar du efektua egiteko. Bestalde, psikoterapiak oso emaitza positiboak izan ohi ditu depresioaren tratamenduetan. Orain dela gutxi arte, botikak eta psikoterapiak funtzio ezberdinak zituztela sinisten zen: farmakoek maila kimikoa aldatzen zuten bitartean, psikoterapiak gogoaren alderdian eragina zuela uste izan da. Hala ere, elkarrekintzak duen efektua ikaragarria da, bai eta maila biologikoan ere. Gaur egun dakigunez, psikoterapia egiten duen terapeutaren eta pazientearen arteko elkarrekintzak burmuineko biologia moldatzeko gaitasuna du.
Kandel eta bestelako neurozientzialariei esker, depresioa bezalako gaitzei estigma ken diezaiekegu, emozioen gaitzek oinarri biologikoa dutela ulertuz. Bide batez, horiek elkarrekintzekin gainditu daitezke. Beraz, garapen osasuntsua lortzeko, baita gaixotasun mentalak gainditzeko ere, elkarrekintza dugu oinarri.