Unibertsitatean magisteritza ikasi nuenean ez zidaten erakutsi zientziak nola lagundu ziezadakeen nire eguneroko laneko hausnarketan. Urte batzuetara, Ramón Flecha eta Marta Ferrero ezagutu nituenean, hezkuntza-arloan zientzialariek esaten zutena irakurtzeko gogoa sentitu nuen. Harez geroztik, zientzia-aldizkariez disfrutatzen dut, nire jardunean ziurtasun handiagoarekin aritzen naiz eta ikasleei hoberena eskaintzen ari naizelako sentsazioa daukat.
Ingelesa lehenengo muga izan zen, baina denborarekin hasierako hiztegi arrotz hura gaur egun arrunta bihurtu zait. Bestetik, artikulu zientifikoak aurkitzeko bide batzuk garatuz joan naiz. Kaiera bezalako zientzian oinarritutako aldizkariak irakurtzeaz aparte, hiru metodo ditut zientziako iturrietan nabigatzeko:
1) Hasieran, sarean eskuragarri ditugun bilatzaile batzuetara jo nuen. Hauek dira maiz erabiltzen ditudanak:
- SAGE aldizkarien editoriala
- ERIC Hezkuntzaren Zientzia institutuaren bilatzailea
- Taylor & Francis Editoriala
- ResearchGate
- What works Clearinghouse
2) Denborarekin konturatu nintzen aldizkari guztiek ez zutela kalitate berdina, eta, ondorioz, aldizkarien sailkapenak aztertzen saiatu nintzen. Horretarako, SJR rankinga erabiltzen dut: baina, halaber, munduko unibertsitaterik hoberenak dituzten aldizkarietan arreta ipintzen dut (Harvard eta Cambridge batez ere). Beraz, orain, bilaketa orokorrak egiteaz gain, aldizkari jakin batzuen edukiak irakurtzen abiatzen naiz zuzenean.
3) Azkenik, aldizkariekin bezala, ikertzaile batzuk ikerketa-ildoagatik eta lanen kalitateagatik gogoko hartu nituen, eta haien liburuen jarraipena ere egiten dut.
Hala ere, penagarria da zientziak eskaintzen dituen ezagupen horiek modu itxian egotea edo hain artikulu garestiak izatea. Zientzia irakurtzea ez litzateke pribilegioa izan behar. Ezagutza denon eskura egon beharko litzateke. Nire ametsa Sci-hub bezalako orrialde piratak existitu behar ez izatea da; izan ere, unibertsitatean jarduten ez duten batzuen ohiko baliabidea da zientzia-artikuluak deskargatzeko. Zorionez, artikulu eta aldizkari batzuk jada modu irekian argitaratzen hasi dira, eta joera ildo horretatik doa. Eskerrak!
Irakasle! Animatu zientzia irakurtzera! Ez zaizu damutuko! Ez izan zalantzarik iturri horiek erabiltzeko eskoletako irakasleen prestakuntzetan.
Egilea: Gontzal Uriarte