Neurozientziak erakutsi duen bezala, harreman afektibo-sexual toxikoak dituzten gazteek garuneko minak jasan ditzakete. Beste alde batetik, erakutsi da oso sinpleak diren esperientzia sozialek garuneko arkitektura modu positiboan alda dezaketela. “Architetecs Of Their Own Brain” izeneko ikerketan 15-16 urteko nerabeek parte hartu zuten, eta horrek erakarpen-eredu mentalak eta afektiboak libreki berreraikitzen laguntzea izan zuen ardatz, diskurtso hertsatzaile menderatzailearen azterketa kritikoaren bidez.
Ikerketa Bigarren Hezkuntzako hiru ikastetxetako 4. mailako geletan egin zen, eta parte hartu zuten taldeetako bakoitzean 7 esku-hartze egin ziren: horietako batean bideo-foruma egin zen; beste bostetan, gai bana azaldu zuten adituek, ondorengo eztabaidarekin; eta beste bitan, testu-tertuliak egin ziren gaiarekin lotuta.
Lortutako emaitzek erakusten dute esku-hartzean parte hartu zuten nerabeek kontzientzia kritikoa areagotu zutela biolentzia eta erakargarritasuna lotzen duen diskurtso hertsatzaile horren eragina beraien bizitzan identifikatzeko; halaber, adierazten dute tresna kognitiboak garatu zituztela nork bere pentsamenduak, emozioak eta jokabide sexual-afektiboak hobeto ulertzeko, baita besteenak ere, eta indarkeriaren kontrako jarrerak garatu zituztela. Bestalde, neska batzuen kasuan, gustuko mutilen profila eta ezaugarriak aldatzen lagundu zuen.
Komunikabideetako eta berdinen arteko harremanak izateko presioari eta biolentziarekiko erakargarritasunari aurre egiteko gazteek askotan ez dute tresnarik. Hori dela eta, prebentziozko esku-hartzeak guztiz beharrezkoak dira, eta, arrakasta izateko, nerabeak sozializatzen diren inguruneetan egin behar dira, kasu honetan gelan. Zenbat eta handiagoa izan transformazioa kide-taldeetan, orduan eta handiagoa izango da aldaketen egonkortasuna genero-indarkeriari aurre egiteko.
Lortutako tresnei buruz esan behar da parte-hartzaileek ikasi zutela indarkeria ez dela saihetsezina eta harremanekiko berezkoa, baizik eta saihestu eta prebenitu daitekeela. Gainera, hori lagungarria izan zen etorkizunean nolako harremanak izan nahi dituzten jakiteko; batzuek aitortu zuten diskurtso hertsatzaile nagusia ikusteko gai izan zirela esku-hartzea aurrera eraman eta gero gustuko zituzten film batzuetan. Azkenik, esan bezala, gizon erakargarrien profila eta ezaugarriak guztiz aldatu ziren, gizon bortitzak baztertu zituzten eta maskulinotasun berdinzalearen aldeko apustua egin zuten.
Hori guztia lortzeko, harreman osasuntsuak zein diren jakiteaz gain, seguru sentitu behar da. Hori ez da batere erraza gazteentzat, gehien batean, diskurtso hertsatzailea dela eta. Ikerketan parte hartu zuten gazteek segurtasun hori lortu zuten eta, ondorioz, besteen aurrean beren ideiak azaltzeko, baita zein motatako harremanak nahi zituzten eta zeintzuk ez erabakitzeko ere, gai sentitzen ziren. Esku-hartzearen ondoren, adierazi zuten beste testuinguru bateko pertsonen iritziek eta pentsamenduek ez zutela haiengan hain eragin handirik, eta libreago sentitzen zirela beren erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, batzuek memento horretan zituzten harreman toxikoekin apurtu zuten.
Ideiak partekatzearen, lagunekin edo beste pertsona batzuekin hitz egitearen eta hausnartzearen garrantzia berretsi da ikerketa horretan. Kontzientzia kritikoaren garapenak eta partaideengan tresna kognitibo berriak ikasteak eragindako onurak, haien bizitza pertsonalean eragiteaz gain, lagun eta komunitateko beste pertsona batzuei ere zabaldu zitzaizkien.
Egilea: Carlota Oteo