Otsailean Osasunaren Mundu Erakundeko, UNICEFeko eta The Lanceteko 40 partaidek baino gehiagok osatutako batzordeak txosten bat argitaratu zuen. Bertan, gaur egungo umeen etorkizuna ezbaian dagoela jasotzen zen.

Ebidentzia argia da: haur eta gazteen osasunean, hezkuntzan edota garapenean inbertitzen den guztiak eragin onuragarri zuzena du umeen bizitzan, etorkizunean eta gizartean bere osotasunean.

Aitzitik, “Badago etorkizunik munduko haurrentzat?” txostenean ziurtatzen denez, gaur egun, badaude haurrengan inbertitu nahi ez duten politikariak. Are gehiago, herrialde aberatsetan ere, haur askok gosea pairatzen dute edota pobrezia-egoeran bizi dira, bereziki talde baztertuetako, indigenak diren eta gutxiengo etnikoetako haur eta gazteak. Askotan, garapenerako zailtasunak dituzten haurren potentziala gaitzetsi egiten da, eta gizartearentzat egin ditzaketen ekarpenak murriztu. Gainera, milioika haur gerrateak edo segurtasun ezak kikilduta bizi dira, oinarrizko osasun-, hezkuntza- eta garapen-zerbitzurik gabe.

Txostenaren arabera, hurrengo belaunaldiez arduratzen diren herrialdeek haur eta gazteen beharrak betetzea lehenesten dute, umeak babestuz eta eskubideak aitortuz eta errespetatuz. Bereziki, giro baztertuetako haurrak babesten dituzte, jaiotzen direnetik babesten dituzte, heldu ekoizle eta emankor bilaka daitezen.

Batzordearen ikuspuntutik ezinbestekoa da osasunean eta hezkuntzan inbertitzea, eta gobernuburuei haurren aldeko politikak ziurtatzeko eta esku-hartzeak zein neurriak koordinatzeko ministerio bat sortzea proposatzen die.

Txostenak beste alderdi interesgarri batzuk ere kontuan hartzen ditu, eta horren arabera proposamenak egiten ditu: kalte ekologikoek haurren bizimodua eta osasuna kaltetzeaz gain, arriskuan jartzen dute haien bizileku bakarra; horregatik, lehentasuna eman beharko litzaieke jasangarritasun ekologikoko neurriei era zuzenean haur guztiak babesteko. Hori lortzeko garrantzitsua ikusten dute neurri eta helburu jasangarriak martxan jartzen dituzten herrien datu-basea sortzea, bertan garatzen diren ondorio osasungarriak neurtzeko, eta baita Garapen Jasangarrirako Helburuak martxan jartzea eta Nazio Batuen Asanbladan horien ondorioen aldiroko txostenak aurkeztea ere, haurren aldeko ekintzaren oinarri sendoa izan litezkeelakoan.

Batzordeak Haurren Eskubideen hautazko Konbentzio berria sor dadila eskatzen du, batez ere arrisku larri batzuetatik babestu ditzaten: tabakoaren, alkoholaren, formula-esnearen, azukredun edarien eta jokoaren marketinetik, hain mingarriak izan daitezkeen sare sozialetatik, datu pertsonalen erabilera desegokitik eta abar.

Laburbilduz, txostenaren arabera, ume guztien hazkuntza ziurtatzeko ezinbestekoak dira neurri zorrotzak eta zehatzak arlo askotan: osasunean, elikaduran, hezkuntzan, hazkuntza- eta ingurumen-segurtasuneko eskubideetan…, baina inbertsio guztiek ez dute zertan diru-inbertsioak izan, argitaratutako dokumentuan berebiziko garrantzia ematen zaio komunitatearen, herritarren eta haurren parte-hartzeari. Haurren ahotsak ezinbestekotzat jotzen dituzte GJHen lorpenean. Txostenak dio gizarte-eragileek rol eraldatzailea izango dutela komunitateen zein familien eskubideen lorpenean eta haur eta gazteen ahotsei indarra emateko bideak topatu beharko genituzkeela.

Egilea: Iraitz Hurtado

Iraitz_kaiera