Desarreta, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna Arreta Faltaren Nahasteen eta Hiperaktibitatearen (AFNH) sintoma ezagunenak dira. Horrek ondorioak ditu trebetasun sozialetan, antolakuntza-prozesuetan, umore-aldaketan, eta abar.
Arazo horiek identitatean zenbait eragin izan ditzakete. Baina zer ulertzen da identitatea esatean? Hiru ikuspuntu daude identitatea ulertzeko: naturala (jaiotzetik ekartzen dena), instituzionala (lanean edo beste lekuetan dugun posizioa) eta diskurtsiboa (harremanetan osatzen dena, elkarrizketaren bidez). Zentzu horretan, ikasgelako giroa eta harremanak ezinbestekoak izan daitezke AFNH duten ikasleentzat. Eskola inguru soziokulturala denez, han sortzen diren interakzioek eragina izan dezakete ume horien identitatean. Oro har, AFNHrekin lotutako haurren eta nerabeen pertzepzioetan ezberdintasunak daude.
Beste aldetik, identitate-garapenean, harremanek pisu handia daukate. Lagunak oso garrantzitsuak dira pertsonek beren burua ulertzeko. Kasu horietan, ikerketa batzuek adiskidetasun-harremanetan arazoak dituztela nabarmentzen dute; beste ikerketa batzuek, berriz, harreman egonkorrak dituztela diote. Hortaz, Lohre-k (Norwegian University of Science and Technology, 2020) AFNH ikasleek beren burua nola deskribatzen duten eta sintoma horiek adiskidetasunetan nola eragiten duten aztertu zuen. 10 urtetik 16 urtera arteko hamabi ikaslek parte hartu zuten hainbat elkarrizketatan.
Ikasleak beren kontzentrazioa ona zela esanez hasten ziren, baina berehala desarreta-pasarteak zituztela edo aktiboak zirela adierazten zuten. Parte-hartzaile guztiek beren kontzentrazio-arazoei buruz pentsatzea ezeztatu zuten. Beste aldetik, ez zituzten gustuko beren amorruzko erreakzioak eta inpultsibotasuna. Hala ere, lagunak zituztela eta haien artean aktibitate-maila altuek ez zutela arazorik sortzen mantentzen zuten. Inpultsibotasunari dagokionez, lagunek ulertzen eta barkatzen zutela zioten. Hala ere, ikerketek diotenez, ezaugarri horrek adiskidetasunei eta norberaren irudiari kalte egin diezaieke.
Azpimarratzekoa da interakzioen eta adiskidetasunen indarra, hau da, lagunek izaten duten eragina norberaren identitatean. Emaitza horien arabera, txikitatik, adiskidetasun-harremanek oinarri emozional sendoa daukate, eta horrek onarpena eta barkamena eragiten du.
Beste aldetik, irakasleak ere garrantzitsuak dira egoera zailak dituzten ikasleentzat. Zentzu horretan, irakasleengan duten konfiantzak eskolarekin lotuta sentiarazten ditu ikasle horiek, eta horrek, era berean, lorpen akademikoa eta osasuna sustatzen ditu.
Guztira, AFNHk arazo ugari sortzen ditu umeen bizimoduan, baina, antza, beren burua ulertzeko ez du eragin handirik. Azalpen bat izan daiteke lagunen interakzioak sendoak eta fidagarriak izateak eragin positiboa daukala haurren identitatean, AFNHrekin lotuta dauden arazoak izan arren.
Egilea: Aitana Fernández