Bizitzea egokitu zaigun egoera berezi honetan, adimen artifiziala COVID-19aren pandemiari aurre egiteko dugun oso erreminta baliotsua da; besteak beste, eskolek jarduera presentzialaren etenaldiaren aurrean beren jarduerarekin jarraitu ahal izateko martxan jarri dituzten bideek teknologia dute abiapuntu. Baina ba al dakigu zer esan nahi duen adimen artifizialak, zertan oinarritzen den haren funtzionamendua edota zertan lagundu diezagukeen?
UNESCOk y Ericsson-ek ezagutza hori etorkizuneko belaunaldiei hurbiltzeko konpromisoa hartu dute, eta ikasteko, garatzeko eta aurrera egiteko behar izango dituzten erremintak eta edukiak biltzen dituen plataforma sortu dute: “Portal de enseñanza de IA para K-12”.
Plataforma horrek mundu osoko hezitzaileei adimen artifiziala eta bere inplikazioak hobeto ulertzen laguntzeko baliabideak bilduko ditu, behin adimen artifiziala ondo ezagututa, hori kurrikulumean integratu eta k-12 graduko ikasleei (5-18 urteko ikasleak) irakasteko asmoarekin.
Momentuz, plataforman atal bakarra dago: “Explorando la IA desde casa”. Bertan, hezitzaileei eskaintzen zaizkie familiakoek zein ikasleek etxetik adimen artifizialaren inguruan ikasten laguntzeko baliabideak, bost hizkuntzatan (ingelesa, frantsesa, gaztelania, txinera eta arabiera).
Eskaintzen diren baliabideen artean, besteak beste, honako hauek aurki ditzakegu: programazioaren oinarriak, hezkuntzaprogramatzaileen eskuliburua, khronos musika editorea eta ikasketa automatikoa zerotik ikasteko bideo bat. Bideo horretan ordenagailuak pertsona baten moduan pentsatzeko jarraitu beharreko prozesua ikas dezakegu, datuetan oinarritzen den sistema batetik abiatuz ordenagailuak arauak ondorioztatzen dituen arte.
Horretaz guztiaz gain, oso interesgarria da adimen artifizialaren etikaren inguruan hausnartzeko eskaintzen den bideoa. Oso tresna erabilgarria da norberak gogoeta egiteko, baina, bereziki, etxean familiarekin komentatzeko eta eskolan irakasle, ikasle zein familiakoekin solasaldiak sustatzeko.
Baliabide horiek guztiak beren kalitateagatik aukeratu dira, eta doakoak edo kode irekikoak dira. Hurrengo fasean hezitzaileek kurrikulumean adimen artifiziala gehitu eta klasean landu ahal izateko baliabideak eskainiko dituzte.
Egilea: Amagoia Otaola