Covid-19aren eraginez Espainian bizi izan dugun konfinamenduak haur eta nerabeen kontrako indarkerian izandako eragina aurkeztu du ANAR Fundazioak diputatuen kongresuan. Ondoren aztertuko diren datuek argi uzten dute konfinamenduak indarkeria pairatzeko arriskua eta zaurgarritasuna handitu dituela. Printzipioz ingurugiro seguruena izan behar zena, etxea, inoiz baino indarkeria-maila altuagoak sortzen ari da.
Konfinamendu-hilabete hauetan ANAR Fundazioak 3.803 laguntza-dei jaso ditu, eta horietatik 1.573 kasutan haur eta nerabeen kontrako indarkeria-arazo larriak detektatu ditu. Gainera, larritzekoa da konfinamendu-egunek aurrera egin ahala indarkeria kasuetan ikusi den gorakada.
Gehien salatu diren problematikak honako hauek izan dira:
- Pairatutako indarkeria mota guztien artean indarkeria fisikoa (kasuen % 17,9n), indarkeria psikologikoa (kasuen % 12,7n) eta abusu sexualak (kasuen % 5,3n) gailentzen dira.
- Horretaz gain, kasuen % 3,4n haurrak eta nerabeak genero-indarkeriaren lekuko dira, eta kasuen % 3,5en zainketa arduragabea pairatzen dute.
- Gainera, ANAR telefonora deitu duten haur eta nerabeen % 33,7k arazo psikologikoei buruzko aholkua eskatu dute. Arazo psikologiko horiek konfinamenduan bizi izandako tentsioaren, beldurraren eta indarkeriaren ondorio dira.
- Haur eta nerabe askok laguntza eskatu dute pairatzen ari diren antsietateari, depresioari, tristurari eta autoestimu txikiari aurre egiteko.
- Suizidio-saiakerek eta ideiagintzak ere gora egin dute.
ANAR Fundazioaren ustetan, eskola indarkeria mota horren babes-neurri garrantzitsuenetarikoa da, eta bizi dugun egoera sail honetan hezkuntzako profesionalok babes hori bermatzen jarraitzeko bide berriak aurkitu behar ditugu.
Gobernuak Abusu Lege Proiektua onartu du
Testuinguru horretan, ekainaren 9an gobernuak haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko lege-proiektua onartu zuen. Delitu berriak jaso eta preskripzio-epeen hasiera aztertzea helburu duen lege horrek hezkuntzan ere eragin handia izango du.
Izan ere, lege horren onarpenetik pertsona guztiek haur eta nerabeen kontrako indarkeria agintariei salatzeko betebeharra izango dute. Betebehar horrek berebiziko garrantzia izango du adingabeekin harreman zuzena duten profesionalen kasuan, besteak beste, irakasleengan eta eskoletan.
Betebehar hori bermatzeko, ongizate- eta babes-koordinatzailearen figura sortuko da ikastetxeetan. Koordinatzaile horren helburua haurrak eta nerabeak edozein motatako indarkeriaren (genero-indarkeria, ziberjazarpena, jazarpen sexuala edo edozein motatako jazarpena) kontra babestea eta hezkuntza-komunitatea ardura horretaz kontzientziatzea izango dira. Lege-proiektu horrek, beraz, aurrerapauso garrantzitsua suposatzen du eta erremienta berriak emango dizkio hezkuntzari egoera zail honetan zein normaltasunera bueltatzen garenean haurrak behar bezala babesteko.
Egilea: Amagoia Otaola